Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa Etxarri Aranatzen erabakiko da

Guaixe 2015ko mai. 15a, 12:30

Bihar, larunbatean, 17:00etan, txapelketako 4. eta azken jardunaldia jokatuko da

Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako 4. eta azken jardunaldia hartuko du Etxarri Aranazko pilotalekuak bihar, larunbatean, 17:00etan. Zehazki, gizonezkoen 300 kiloko bigarren jardunaldia (Beti-Gazte, Berriozar, Amaiur A, Amaiur B eta Kaskallueta taldeak), emakumezkoen 235 kiloko bigarren jardunaldia (Berriozar, Txantrea eta Kaskallueta taldeak) eta kadeteen 280 kiloko laugarren jardunaldia (Berriozar A, Ultzama A, Andra Mari, Araxes, Iñigo Aritza, Berriozar B eta Ultzama B taldeak) jokatuko dira. Ondoren, kategoria bakoitzeko lehen bi sailkatuen arteko finalak jokatuko dira.

Larunbatean txapelketako 3. jardunaldia jokatu zen Lekunberrin. Soilik kadeteen 280 kiloko txapelketan ditugu ordezkariak, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolakoak. Lekunberrin Berriozar A izan zen onena, Ultzama A eta Andra Mari taldeen aurretik. Iñigo Aritza 5.a sailkatu zen. Ea Etxarri Aranatzen zein nolako lana egiten duten eta podiumaren gainean ikusten ditugun.