Nekazaritza organikoko aditu handi baten hitzaldia

Guaixe 2015ko mai. 26a, 08:00

Gaur, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean hartuko du hitza Jairo Restrepok.

 

Etxarri Aranazko herri baratzak kudeatzen dituen Mandoibai elkarteak baratzeekin lotutako informazio hitzaldiei segida emanen die asteartean. Ostegunean Etxarrin Jakoba Errekondo paisajistak bere azken liburua aurkeztu bazuen, hitza hartzen hurrengoa Jairo Restrepo kolonbiarra izanen da. Nekazaritza erregeneratiboaren mundu ordezkaririk ezagunetarikoa, nekazaritza ekologikoa modu askatzaile batean planteatzen du: burujabetza elikagaiak sortzeko, burujabe bizitza birsortzeko. Antzinako ezagutzak eta egungoak uztartzen ditu modu erakargarri batean.

Biografia
Kolonbiarra sortzez, Brasilen bizi da. Ingeniari agronomo ikasketak eta ekologia, agroekologia eta lan osasunari buruzko postgraduak ditu. Nekazaritza organikoari buruzko 23 nazioarteko ikastaro egin ditu eta 40 lan zientifiko eta artikulu tekniko argitaratu ditu. Azken zazpi urteetan nekazaritza organikoari buruzko 16 liburu argitaratu ditu.

Nazioartean nekazaritza organikoari, ingurumenaren babesari, lurren azterketa kartografikoari, birziklatzeari edota landa garapen jasangarriari buruzko 750 hitzaldi baino gehiago eman ditu. Gainera, Hego Amerikako, Karibeko, Afrikako, Australiako eta Europako 37 unibertsitate eta ikerketa institututan baino gehiagotan parte hartzen du. Hainbat gobernu, ministerio eta parlamenturen aholkulari tekniko izan da. Nekazaritza organikoan eta landa garapenean 30 urteko lan eskarmentua eta nazioartekoa du.

Azken 17 urteetan zenbait gobernuz kanpoko erakunderen, fundazioren eta nazioarteko programen eta kooperazioen sortzaile, trebatzaile eta aholkularia izan da. Haietan 700 ikastaro baino gehiago eman ditu munduan barna. Nazio Batuen kontsultore gisa Panaman UNESCOrekin lan egin du, Kosta Rikan, Panaman, Hondurasen, Guatemalan eta Kuban Lanaren Nazioarteko Erakundearendako aritu da; FAOrendako (Elikadura eta Nekazaritza Erakundea) Txilen eta Brasilen; Nazio Batuen Garapenerako Programarekin Panaman eta Brasilen eta Munduko Osasun Erakundearekin eta Osasunerako Erakunde Panamerikanoarekin Brasilen.