Mendi lasterketak nola prestatu azalduko du Jokin Lizeagak

Guaixe 2015ko mai. 22a, 12:13

Gaur, ostiralean, 19:00etan, Etxarri Aranazko liburutegian

Etxarri Aranazko Udaberri elkarteak Mendira Joan Etorria antolatzen du urtero, lastailan, Etxarri Aranazko feriekin batera. Urbasako bargaraino iristen den lasterketa hau bi herritarren arteko apustutik sortu zen eta aurten 40. edizioa beteko du. Euskal Herriko mendi lasterketarik zaharrena dela dio Udaberri elkarteak, eta urteurren berezi honen harira ekitaldi bereziak prestatu ditu, Etxarriko Udalaren, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren, Baltistan Fundazioaren eta Bierrik fundazioaren laguntzarekin. Lehenengoa gaur gauzatuko da, ostiralean. Arratsaldeko zazpietan Jokin Lizeaga mendi korrikalariak hitzaldia eskainiko du Etxarri Aranazko liburutegian “pausuz pausu, mendiz mendi, helmugaraino” lelopean, mendi lasterketen prestakuntzaz aritzeko.

Izan ere, mendi lasterketen gero eta zaletu gehiago ditugu gurean. Ez da ahaztu behar Mendira joan etorria lasterketaz aparte, Etxarri Aranatzen bertan II. Triku Trail lasterketa jokatuko dela garagarrilaren 28an. Haiei garagarrilaren 14ko Lakuntza-Aralar Mendi lasterketa eta iraileko Uharte Arakil-Beriain Km bertikala eta Olatzagutia-Urbasa gehitu behar zaizkie. Bestalde, Sakanako mendi korrikalariek ere gora egiten ari dira nabarmen. Sakana Bizirik taldean, esaterako, multzo polit bat bildu da, Dantzaleku-Sakana, Aralar Mendi, Zabalarte eta Sakanako beste hainbat klubetan bezala. Baina gauzak ongi egin behar dira, eta korrikan hasi nahi dutenei edo korrika egiten dutenei ongi etorriko zaizkie gaurko hitzaldian Jokin Lizeaga mendi korrikalari ezagunak mendi lasterketen prestakuntzaren inguruan emango dituen gomendioak.

Jokin Lizeaga (Urnieta) Euskal Selekzioko mendi korrikalaria da. 2014an Zegama Aizkorriko historian korrikalari euskaldun batek inoiz egindako denborarik onena egin zuen (3:59:11). Aurtengoan ezin da aritu, lesio bat tarteko.