Txikiak eta handiak, elkarrekin korrika!

Guaixe 2015ko mai. 22a, 15:16

Andra Mari ikastolak II. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria antolatu du bihar, larunbatean, 16:00etan, Etxarri Aranatzen

Kirolzaletasuna eta elkartasuna bulkatzeko eta Andra Mari ikastola laguntzeko bihar, larunbatean lasterketa antolatu du Andra Marik, arratsaldeko 16:00etatik aurrera: Andra Mari ikastolaren II. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria. Horretarako Etxarri Aranazko Udalaren, DYAren eta Berriaren laguntza izan dute eta Naparpelleten babesa. Aurreko urtean antolatu zen estreinakoz aipatu lasterketa eta arrakastatsua izan zen. 105 bikotek eman zuten izena. Aurreko urtean igandearekin antolatu zuten ekimena, baina aurten larunbatera ekarri dute.

Izenak esaten duen bezala, lasterketaren berezitasun nagusia binaka korrika egin behar izango dela da, hau da, haurrak heldu batekin batera egingo du laster. Bere gurasoa, osaba-izeba, lehengusua, bizilaguna, laguna edo dena delakoa izan daiteke.

5 maila
Adin guztien parte-hartzea sustatzeko 5 maila desberdin egongo dira: haur hezkuntza (200 m), lehen hezkuntzako 1.go eta 2. mailak (400 m), lehen hezkuntzako 3. eta 4.mailak (800 m), lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailak (1200 m), eta azkena, 12 urtetik gorakoen maila (1280 m). Azken kasu honetan, 12 urtetik aurrerakoetan, haurrak beraien artean elkartu daitezke bikotea egiteko.

Lehenengo lau lasterketak Etxarri Aranazko udaletxe aurreko plazan izango dira. Azken ibilbidea, 12 urtetik aurrerakoena, ikastola berrira joan etorria izango da, Utzubar Txikiraino hain zuzen. Izan ere, lasterketa honen helburuetako bat ikastola berria eraikitzen laguntzeko baliabideak bilatzea da. Aurten, gainera, eraikina zutik ikusteko aukera izango da, Andra Marik azken urteetan egindako lanak emaitza izan baitu. “Binakako lasterketa honekin egindako guztia ospatu nahi dugu, urteetako guraso eta lagunen ahaleginak eta ametsak gauzatuta ikusten ari garelako Utzubar Txikiko ikastola berrian. Gainera, egun honetan ere Etxarri Aranazko haurren eguna antolatu dute gazteek. Gazteak ere animatzen ditugu lasterketan parte hartzera” adierazi dute Andra Maritik.

Izena ematea, zabalik
Lasterketa herrikoia eta irekia da, eta nahi duen guztiak parte hartu dezake. Andra Marik bertan aritzera gonbidatu ditu sakandarrak. Izena ematea zabalik dago (4 euro). Etxarriko ikastolan egin beharko da. Egunean bertan, larunbatean, udaletxeko estalopean eman daiteke izena. Lasterketa bukaeran auzatea izango da parte-hartzaile guztiendako.

Aurreko urteko argazki erakusketa
Aurreko urteko Binakako Lasterketan ateratako argazkien erakusketa eginen da udaletxeko estalopean eta aurten ere, parte hartzen duten bikote guztiei argazkia egingo zaie. Gainer, Aitor Zubietak eta Joseba Ezkurdiak sinatutako kamisetak zozketatuko dira eta sarituek beraien eskutik jasoko dute saria.