153 bikote elkarrekin korrika

Guaixe 2015ko mai. 27a, 13:05

Andra Mari ikastolaren II. Binakako Lasterketa-Naparpellet saria guztiz arrakastatsua izan zen

Kirolzaletasuna eta elkartasuna bulkatzeko eta Andra Mari ikastola laguntzeko antolatu zen, larunbatean, Andra Mari ikastolaren II. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria. Proba ez lehiakorra zen, eta binaka parte hartzea zen gakoa. Hau da, haur txikiek heldu batekin korrika egitea, eta helduenen kasuan, bikoteka aritzea. Antolatzaileek parte hartze polita espero zuten, izena ematearekin Andra Mariko ikastola berria laguntzeko ekarpena egiten baitzen, baina espero baino askoz ere arrakastatsuagoa izan zen ekimena. “Guztira 153 bikote lehiatu ziren, espero baino askoz ere gehiago, eta Etxarrin sortu zen giroa, oso polita. Kontuan hartu behar da proba berezia dela, elkartasuna bulkatzen duelako, binaka aritzea, txikiek helduen laguntzarekin, hain zuzen. Eta, jakina, ikastolarako ekarpena egiten da. Oso kontentu gaude proba ez lehiakor honekin eta, jakina, urtero antolatzen jarraitzeko asmoa dugu” adierazi du antolaketa lanetan aritu zen Amaia Gerrikagoitiak. Halaber, Naparpelletek ekimenari ematen dion laguntza garrantzitsua goraipatu zuten ikastolako ordezkariek, “helburua ikastola laguntzea delako”.

Bost mailatan jokatu behar zen proba ez lehiakorra. Haur hezkuntzan 64 bikote aritu ziren, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. Mailan 48 bikote eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan 30 bikote. Azkenean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak eta helduen mailak elkarrekin aritzea erabaki zen eta guztira 11 bikotek egin zuten korrika. 153 bikote korrikan, ez da makala.