Udalak torturak pairatu dituzten herritar guztiei babesa azaldu die

Guaixe 2015ko mai. 28a, 16:57
Bilkuran Arratibelen lagunak izan ziren.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegiak Patxi Arratibelen auzian Espainiako estatuak Giza Eskubideen Europako Itunaren 3. puntua urratu duela ebatzi du berriki. Hilaren 22an egindako bilkuran Arratibeli eta torturak pairatu dituzten etxarriar guztiei babesa azaltzeko mozioa onartu zen Bilduren eta NaBairen aldeko bozekin eta PPren kontrakoarekin.

Udalak mozioaren bidez komisarietan tratu txarrak ahalbidetzen dituen eta egun indarrean dagoen legedia behingoz eta behin betiko indargabetzeko eskatu zuen, hau da, Lege Antiterrorista indargabetu eta atxilotuen inkomunikazioa bertan behera uztea. Aldi berean, “funtsezkoa den eskubide honen urraketa pairatu duten pertsonen sufrimendua aitortu eta erreparatzea” eskatu du. Bestetik, Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatzen dio tortura eta inkomunikazioa pairatu dituzten atxilotuen kontrako prozesu judizial guztiak berrikusi eta bertan behera utz ditzala.