San Kirikotik San Adrianera, festarik festa

Guaixe 2015ko eka. 12a, 10:37


Etxarriko patroiaren eguna ospatuko da bihar. San Kiriko. Eguerdiko mezaren ondoren eliz atetik herriko soroak bedeinkatuko dira. Arratsaldean, etxarriar koadrilak merendatzera elkartuko dira. Andra Mari ermitaren inguruan izaten da baina eguraldiak laguntzen ez badu Euskalerriari frontoiak emanen die aterpe. Merendatu ondoren, kintoek dantzakia dantzatuko dute. Plazan dantzarako doinuak The Trikiteens taldeak jarriko ditu; 20:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 2:30era.

Asteartean San Adriango erromeriak hartuko dio segida. Udala, txistulariak lagunduta, 9:00etan abiatuko da beheko basoko ermitarantz. Haiek iritsi ondoren, etxarriarrek fritada (haragi gisatua eta zopa) gosaltzeko aukera izanen dute 10:30ak pasata. Ondoren zabalduko dira ardo kupelak eta bazkaria prestatzeko suak orduan prestatuko dira. Lan horretan etena ekarriko du eguerdiko mezak. Bazkaltzera 15:00etan jarriko dira etxarriarrak. Majo bazkaldu ondoren, txistulariak mahaiz mahaiko erronda eginen dute, herritarrak dantzan jartzeko. Etxerako bidea hartu aurretik Gernikako Arbola kantatu eta txistuaren doinura bost km luzeko kalejirari ekinen diote etxarriarrek. Bidean eztarria garbitzeko udalaren kamioiak geldialdiak eginen ditu. Gauerdi aurretik herrian izanen dira denak. Plazan, 20:30etik 21:30era eta 22:30etik 2:30era Oharkabe taldeak dantzarako doinuak eskainiko ditu.