Transantartika Etxarrin

Guaixe 2015ko eka. 12a, 13:30


Mikel Zabalza mendizalea Iñurrategirekin eta Vallejorekin egindako espedizioaz mintzatuko da gaur, 20:00etan, Kultur Etxean

Mikel Zabalzak, Alberto Iñurrategik eta Juan Vallejok Naturgas /BBK Transantartika 2011 espedizioa burutu zuten 2011 eta 2012an, Basque Teamekin. Euren kirol ibilbidea irauliz, erronka ikusgarria burutu zuten: batetik, 2011ko udaberrian ipar poloan zeharkaldia egin zuten, Groenlandian, eta urte akaberan hego poloan beste zeharkaldi bat egin zuten.
Groenlandian, zero azpiko 30 graduko tenperaturei aurre eginez, 2.300 kilometro egin zituzten 32 egunetan Groenlandiako ordoki izoztuan zehar, zeharkaldia arrakastaz burutuz, kanpo laguntzarik gabe. Zama leren bidez eraman behar izan zuten, arrastaka, haizea zegoenean kometen laguntzarekin, eta zenbait egunetan soilik 10 km egin ahal izan zituzten. Haizea, hotza, ekaitzak eta bestek odisea latzean bilakatu zuten abentura. Hura gaindituta eta atseden hartuta, 2011ko azaroan hego polora joan ziren, azaleraren %95 izotzez estalia duen kontinente honetan 3.700 km-ko zeharkaldia egiteko asmoz, Novolazarevskaya base errusiarretik Hercules badiara. Mota guztietako zailtasunei aurre eginez –eguraldia, ekaitzak, haizea eta beste–, espedizio hau ere arrakastaz gauzatzea lortu zuten, kanpoko laguntzarik gabe. Izotzezko kontinentea mutur batetik bestera zeharkatu zuten, 55 egunetan. Zero azpiko 35 graduko tenperatura maximoa izan zuten. Groenlandian bezala, materiala leran eraman zuten, kometek lagunduta. Sufrikario latza izan zen hiru mendizaleendako, eurek ere aitortu zuten zeharkaldia uste baino gogorragoa izan zela eta sarritan beldurra pasa zutela.

Mikel Zabalzak horren guztiaren berri emanen du gaur, ostiralean, Etxarri Aranazko kultur etxean, 20:00etan abiatuko den ekitaldian.