Ekin-eko auzietako zigor eskaerak zehaztu dituzte

Guaixe 2015ko uzt. 9a, 19:16
Etxarriarrak beste auzipetu batzuekin Madrilen.

Orain arte 14 pertsonak, 2 etxarriar tartean, auzi berean epaitzekoak ziren baina sarekada bakoitzeko epaiketa bana eginen da Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Ekinen kontrako 2010eko eta 2011ko sarekadetan atxilotutako euskal herritarrei fiskaltzaren eta akusazioaren zigor eskaerak jakinarazi diete. Aurreneko sarekadan atxilotutako bederatzietatik zortzirendako, tartean Joxe Aldasoro Jauregi etxarriarra, fiskaltzak 8 urteko espetxe zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa eskatzen du. Dignidad y Justicia akusazioak, berriz, 12 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sarekada horretan atxilotutako beste batendako 12 eta 15 urteko zigorrak eskatzen dituzte, Haika gazte erakundearen epaiketan 6 urteko espetxe zigorra jaso zuelako. Guztiei erakunde terroristako zuzendaritzako kide izatea leporatzen diete. Epaiketarako datarik ez dute oraindik, baina udazkenean edo neguan izan liteke

Bigarren sarekadan atxilotutako bost pertsonen artean Patxi Arratibel Gartziandia dago. Haiendako zortzina urteko espetxe zigorra eskatzen dute, ETAko kide izatea leporatuta. Epaiketarako data ez diete jakinarazi. Ekin-ek 2011ko lastailaren 1ean bere desegitea iragarri zuen. Barne eztabaida baten eta ezker abertzalearen aldaketa sakonaren ondorio izan zela iragarri zuen orduan.

Atxiloketez
Aldasoro 2010eko irailaren 14an atxilotu zuten Ekin-eko zuzendaritzako kide izatea leporatuta. 3 egun eman zituen Guardia Zibilaren eskuetan. Epailearen aurrean tratu txarrak salatu zituen. Soto del Real eta Navalcarnero espetxeetan izan zuten. 22 hilabete preso egin ondoren 9.000 euroko fidantzapean aske utzi zuten.

Arratibel 2011ko ilbeltzaren 18an atxilotu zuen Guardia Zibilak Ekineko kide izatea leporatuta. Kuartelean 5 egun eman zituen eta hainbat aldiz buruan poltsa jarri ziotela eta kolpe ugari jaso zituela salatu zuen. Polizi deklarazio batean, bere sinaduraren ondoren aztnugal idatzi zuen (laguntza atzekoz aldera idatzita). Epailearen aurrean tratu txarrak salatu zituen. Horiek ez ikertzeagatik Europak Espainia zigortu egin du. Arratibel 18 hilabete eman zituen behin-behineko espetxealdian eta bermea ordainduta eta hainbat kontrol neurrirekin aske utzi zuten.