Hogeita lau orduz libre

Guaixe 2015ko uzt. 24a, 09:37

Askatasunaren eta eskubide zibil eta politikoen aldeko lana nola indartu hausnartu eta zehazten hasiko dira gaur, 21:00etatik aurrera, plazan eginen den egun osoko kanpaldian.

Libre dinamikak deituta 24 orduz kanpaldia eginen da Etxarri Aranazko plazan. Denbora tarte horretan, “dena ETA da ildo judiziala” salatuko dute, “Espainiak Euskal Herriaren askatasunaren aldeko lana espetxeratzeko eta galgatzeko erabiltzen du”. Horren harira, “kartzela zigorrak, herriko tabernak konfiskatuak” izan direla gogorarazi eta udazkena “bero” datorrela ohartarazi nahi dute: “lastailean Aritz Ganboa de Migel Askapena auziaren barruan epaituko dute eta Patxi Arratibel Gartziandia eta Joxe Aldasoro Jauregik 8 eta 9 urteko espetxe zigor eskaerak jaso dituzte”.

Horretaz guztiaz informatzeaz aparte, Libre dinamikak “independentziaren, internazionalismoaren, presoen eskubideen eta sozialismoaren aldeko lanak terrorista eta kriminal bihurtu dituztela” salatu nahi dute. Baita gaztigatu ere: mozal legearekin “denok sartu gaituzte kriminalen zakuan”. Espetxean den Fran Baldaren eta espetxe atarian egon litezkeen lau sakandarren berri zabalduko da kanpaldiaren bidez.

Bestetik, 24 orduetan“libre izateko behar ditugun tresnei buruz pentsatu eta tresna horiek sortzen” hasiko dira. Izan ere, dinamikako kideen iritziz, “Espainiako frankismoaren aurrean guk nahi duguna zehaztu eta horren bila joatea besterik ez zaigulako geratzen”.

Egitaraua
Garilak 24, ostirala
21:00etan Kanpaldiaren hasiera, plazan.
22:00etan Dokumentala: Aske gunea, desobedientzia bete-betean.

Garilak 25, larunbata
9:00etan Gosaria.
10:00etan Propaganda tailerra: pankartak, kartelak ordenagailuz, panelak…
12:00etan Ideia ekaitza talde dinamika.
14:00etan Bazkaria.
16:30ean Kafe tertulia: mozal legea, epaiketak, desobedientzia…
18:00etan Desobedientzia eta bideo tailerrak.
20:00etan Herriak libre, Aritz libre.
21:00etan Kantaldia.