Etxarri Aranazko tradizio handiko bi kirol taldeen ordezkariek piztuko dute herriko festei hasiera ematen dien etxajua: Etxarri Aranazko futbol taldeak eta Mendira Joan-Etorriaren antolatzaileek. Aurrenak aurten 59 urte bete ditu eta mailaz igotzea lortu du. Mendi lasterketak, berriz, aurten 40 urte beteko du. Eneka Maiz alkateak esan duenez, aitortza horrekin udalak “kirola egitea bulkatzeaz aparte, parte hartzea eta herriko mugimenduak sustatzeko herritarrek egiten duten lan boluntarioa saritu nahi dugu”. Aldi berean, “urtez urte lanean segitzera” animatu ditu, guztiei eskerrak ematearekin batera.
Ttattar banaketa
Txupinazo aurretik elkartuko da joan den urtean jaiotakoen kintada estreinakoz. 21 haur dira zapi bana jasoko dutenak. Horiekin batera, Etxarrin erroldatuta egon ez arren beste 5ek ere jasoko dute ttattarra.
Kartel lehiaketa
Festak iragartzeko antolatutako lehiaketan 3 maila zeuden, guztira 167 kartel aurkeztu ziren. Haurren lehen mailan Jokin Olarra Lasaren lana izan da saritua (50 kartel aurkeztu ziren). Haurren bigarren mailan, berriz, Ibai Perez Barbarinen kartela saritu dute (34 kartel aurkeztu ziren). Helduen mailako lan irabazlea Luis Quintana Goñiren sinadura du (6 kartel). Azken hori da festetako egitarauan ikus daitekeena. Haur Hezkuntzakoek 75 kartel eta DBHkoek beste 2 aurkeztu zituzten lehiaketara.
51.669 euro
Aurrekontu hori dute aurtengo Etxarri Aranazko festek.