Etxarriko Irakurle Taldea ikasturte berria prestatzen

Guaixe 2015ko ira. 7a, 08:40

Ostegunean, 19:00etan, Victoriano Huizi liburutegian dute hitzordua. Irakurriko dituzten euskarazko liburuen zerrenda erabakiko dute orduan.

Etxarriko Irakurle Taldeak hirugarren ikasturteari ekinen dio. Irakurzaletasuna duen etxarriar euskaldun taldea da eta edozeinek parte hartu dezake ekimenean. Ikasturteari ekiteko liburu zerrenda osatu behar da eta heldu den ostegunean kideek euren proposamenak eramateko aukera izanen dute. Baina kontuan hartu beharko dute liburutegien sareak eskaintzen duen euskarazko liburuen zerrenda nahiko mugatua dela. Horregatik, eta taldeak bidea egina duelako, liburuak euren kabuz eskuratzeari edo erosteari ere bidea zabalduko diote. Irakurketa kanpainak baliatuko dituzte horretarako.

Aurreko urtean bezala saio bakoitzean taldeko kide bat izanen da liburua taldean aurkezteaz eta saioa bideratzeaz arduratuko dena. Horretarako, hori bai, oinarrizko gida bat izanen dute. Horrela, denen artean, irakurritakoarekin disfrutatu eta, besteekin komentatuz, aberastu eginen dira.

Egutegia*
Lastailak 29
Abenduak 10
Ilbeltzak 28
Martxoak 10
Apirilak 28
Garagarrilak 9
*Ostegunak, 19:00etan, liburutegian.