Etxarriren helburua: preferente mailari eustea

Guaixe 2015ko ira. 17a, 11:51

Aurreko urtean erregional mailatik preferente mailara igo zen Etxarri, eta maila honi eustea da aurtengo erronka

Pozik daude Etxarri Aranazko Futbol Klubean. Aurreko urtean erregional mailatik preferentera igotzea lortu du taldeak eta aurten kategoria berriari tamaina hartzen ari dira. Kategoria berria da, baina, taldea, betikoa. Izan ere, aurreko urteko plantilla gehienak jarraitzen du, eta hiru futbolari berri gehitu dira Etxarriko futbol familiara. Ekhi Etxeberria eta Markel Azkona berriro etxera bueltatu dira. Bata Altsasuko taldean egon zen azken bi urtetan eta bestea atzerrian egon da. Horretaz gain, txikitatik Altsasuko taldetan ibili den Aitor Saez olaztiarrak aurten Etxarrin ibiltzea erabaki du.

Entrenatzaileak, Fernando Montorik, Etxarrin jarraituko du ere. “2010ean Montorirekin preferentera igo zen Etxarri. Gero mailaz jaitsi ginen, entrenatzailez aldatu… Aurreko denboraldian berriro Etxarrira etorri zen Montori, eta berriro ere berarekin preferentera igo ginen. Taldean jarraitzen du, giroa bikaina da eta oso gustura gaude” adierazi digu Etxarriko juntako kide eta preferente mailako bigarren entrenatzaile Iosu Murgiondok.

Murgiondok gaineratu duenez, aurten preferente mailari eustea izanen da helburua. “Preferente mailako hurrengo kategorian, maila autonomikoan lehiatzea oso garestia izanen litzateke gurea bezalako klub batendako, ia ezinezkoa. Gure helburua da preferentean mantentzea eta ahalik eta urte gehien kategoria honi eustea da” dio bigarren entrenatzaileak. Bere iritziz, erregional mailatik preferentera maila aldaketa dago, baina ez lehen bezain beste. “Maila autonomiko kategori berri hori sortzerakoan, oraingo preferentea ez zen lehengo preferentea. Maila erregional sendo bat da gehiago. Baina denboraldia hasi berri dugu eta gauza horiek aurrerago ikusten dira. Pentsatzen dugu Iruñeko taldeak izango direla faboritoak, baliabide gehienak dituztelako, baina ikusteko dago” azaldu du Etxarrikoak.

Etxarrik Infanzonesen kontra bana berdinduz hasi zuen denboraldia aurreko astean. “Ongi ibili ginen, aukera asko sortu genituen. Sentsazioak onak dira. Taldea ilusioarekin dago. Baina hori ez da berria. Aurreko denboraldian ongi ibili ginen eta bi aurrekoak oso gogorrak izan ziren, gaizki pasa genuen. Baina taldea, finean, ia berbera da. Gehienak etxarriarrak gara eta inguruko herrietakoak. Horregatik giroa beti oso ona izaten da nahiz eta gauzak hobe edo okerrago joan, eta gehienbat futbolaz disfrutatu egiten dugu. Aldageletako giroa bikaina da eta horrek laguntzen du” adierazi du Murgiondok.

Aurten Lagun Artearen kontra jokatuko dute derbya. “Oso harreman ona dugu Lakuntzakoekin, ongi ezagutzen dugu elkar. Polita izango da euren kontra aritzea” aitortu du etxarriarrak.

120 neska-mutiko futbolari
Preferente mailako taldeaz gain, Etxarrik 2.mailako jubenilen taldea du, kadete mailakoa, haurren mailakoa eta kimuen mailakoa, Sakanako Futbol 8 Topaketetan ariko dena. Guztira 120 neska-mutiko inguru trebatzen dira futbolean. “Balorazioa ona da, zonaldean dagoen konpetentzia kontuan hartuta” dio Murgiondok.
Klubaren zuzendaritzari dagokionez, ez dago aldaketarik. Eduardo Elso da presidentea, Iñaki Elvira presidenteordea, idazkaria eta diruzaina, eta Jose Guillorme, Xabier Errazkin, Francisco Gomez, Josu Murgiondo eta Jose Javier Urkia bokalak. Josu Murgiondo preferente mailako bigarren entrenatzaile izanen denez, Jose Guillormek hartu du oinarri-futboleko taldeen ardura. Etxarri futbol klubaren denboraldiko aurrekontua, talde guztiena, aurreko urtekoa da, 12.500 eurokoa.

Etxarri Aranatz 2015-2016
Atezainak: Ivan Gorriz eta Ekhi Etxeberria.
Atzelariak: Luis Goñi, Xabier Urrestarazu, Unai Artieda, Julen Iragi, Iñaki Razkin, Markel Erdozia, Markel Azkona eta Ander Zelaia.
Erdilariak: Pablo Jauregi, Gentza Erdozia, Alain Iriarte, Ivan Cerezo, Asier Urkia eta Aritz Ikobaltzeta.
Aurrelariak: Xabat Goikoetxea, Mikel Goikoetxea, Aitor Saez eta Javi Rueda.
Entrenatzailea: Fernando Montori.
2. entrenatzailea: Iosu Murguiondo.
Delegatua: Jose Javier Urkia " Arretxe ".