Ate handitik itzuli da Nazabal

Guaixe 2015ko ira. 22a, 09:22

Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa irabazi du etxarriarrak. Igandean Euskal Herriko I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko du Aian

Igandean Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zen Uharte Iruñean. 9 aizkolari lehiatu ziren Etxarri Aranazko ferietan jokatuko den final handirako txartela lortzeko, eta bost onenak sailkatu ziren aipatu finalerako. Floren Nazabal etxarriarra plazetatik kanpo egon da azkenaldian, osasun arazoak zirela medio. Baina badirudi arazo horiei aurre egin diela, etxarriarra alde handiarekin onena izan baitzen Uharte Iruñeko kanporaketan. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbikoa mozteko 14:33-ko denbora behar izan zuen eta ia minutuko aldea atera zion Daniel Vicente otsagiarrari (15:27). Nazabal eta Vicentez gain, Juan Jose Lopez (15:41), Jon Rekondo (16:03) eta Ruben Saralegi (16:26) sailkatu ziren final handirako. Finaletik kanpo geratu ziren Donato Larretxea, Julen Kañamares, Mieltxo Mindegia eta Oihan Larretxea.

Azken bi sailkatuek, Mieltxo Mindegiak eta Oihan Larretxeak, lehen maila galduko dute, printzipioz. Dena den, Mieltxo Mindegiak aukera izanen du Ander Erasunen aurka jaitsiera kanporaketa eskatzeko, 15 eguneko epearen barruan.

Igandean Euskal Herrikoa
Nafarroako Lehen Mailako finalera sailkatu eta gero, Euskal Herriko I. Mailako Txapelketako finalerako txartela lortzea da Etxarrikoaren hurrengo helburua. Euskal Herriko I. Mailako Txapelketako kanporaketa igandean jokatuko da Aian. 12 aizkolari lehiatuko dira: Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Ander Erasun, Jon Irazu, Mikel Larrañaga, Juan Jose Lopez, Ugaitz Murgertza, Floren Nazabal, Joxe Mari Olasagasti, Joseba Otaegi, Unai Otaño eta Jon Rekondo. 54 ontzako 2 enbor, 60 ontzako 2 enbor eta 72 ontzako 2 enbor erdibitu beharko dituzte. Sei aizkolari onenek urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalerako txartela lortuko dute. Ea Nazabal bertan den.