Mandoibai elkarteak Restrepo ekarriko du berriro

Guaixe 2015ko ira. 26a, 10:46

Mandoibai elkarteko kide batzuk herri baratzean.

Jairo Restrepo Rivera Nekazaritza birsortzailean munduko aditu ezagunetariko bat da. Mandoibai elkartea gonbidatuta, Restrepok ikastaro bat eman zuen Etxarri Aranatzen maiatzaren 26an. Azaroaren 3an, 4an eta 5ean, atzera ere bueltan izanen da. Oraingoan nekazaritza organikoaren abc-a tailerra emanen du. Etxarri Aranazko kultur etxean izanen dira klase teorikoak eta praktikak Legarben. Izen ematea www.agriculturaregenerativa.es web orriaren bidez egin behar da. Haren bidez 50 euroko ordainketa egin behar da lehenik eta gero beste 100 euro gehiago pagatu beharko dira.

Noainen beste ikastaro bat eman ondoren, azaroaren 9an, Restrepo Arruazuko Albi gaztandegian izanen da auditoria bat egiten. Hau da, adituak larreak nola dauzkan baloratu, behar dutena eta behar ez dutena azaldu eta larreak nola erabili azalduko die hara biltzen diren artzainei.

Makrobiotika
Mandoibai elkarteak lastailaren 16 eta 17rako antolatu du ikastaroa, Hartzabal elkartean.
Ostiralean 15:00etatik 20:00etara ariko dira eta larunbatean gosaltzera elkartu eta 20:00ak bitartean. Saioetan teoria eta praktikak uztartuko dituzte. Prestatutako jakiak bazkari eta afarietarako erabiliko dituzte. Izena eman nahi duenak elkarteko kideei esan behar die. 60 euro balio du izen emateak eta horri elkarteko gastuak gehitu behar zaizkio.

Mandoibai elkartea
Etxarri Aranazko Mandoibai dermioan herri baratzen proiektuak aurrera jarraitzen du. Udalak utzitako lursailean baratze publikoak kudeatzen ari dira hamar etxarriar eta haiek sortu dute Mandoibai elkartea. Herri baratzen proiektua etxarriar guztiei zabalik dago, eta proiektua ezagutzeko handik pasatzeko gonbitea luzatu dute.