Nazabal Euskal Herriko finalean ariko da

Guaixe 2015ko ira. 28a, 09:45

Urriaren 12an Basaurin jokatuko den final handirako sailkatu da Etxarriko aizkolari handia. Igandean Nafarroako finala jokatuko du Etxarrin

Igandean Euskal Herriko I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartu zuen Aiako probalekuak. 12 aizkolari ziren lehiatzekoak baina 11 aritu ziren, Ander Erasun lesionatua baitago. Urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalerako jokoan zeuden 6 txartelak lortzeko lehian, ikuskizun bikaina eskaini zuten. 54 ontzako 2 enbor, 60 ontzako 2 enbor eta 72 ontzako 2 enbor erdibitu behar izan zituen bakoitzak. Tartean zegoen Floren Nazabal. Aurreko urtean finalerako sailkatu zen etxarriarra, baina lesio bat zela eta ezin izan zen finalean aritu. Arazoak gaindituta, finalean izango dugu aurten.
Aitzol Atutxa izan zen azkarrena Aiako kanporaketan (19:44). 15 segundo atera zizkion Floren Nazabali (20:06). Jon Irazu izan zen hirugarrena (20:29), Iñaki Azurmendi laugarrena (20:51), Joxemari Olasagasti beteranoa bosgarrena (20:52) eta Joseba Otaegi seigarrena (21:25). Hortaz, aurreko urteko final berbera errepikatuko da, Nazabalen parte-hartzea salbu. Aurreko urtean Unai Otaño aritu zen lesionatu egin zen Etxarriko txapeldun handiaren partez. Atzetik sailkatu ziren Jon Rekondo (21:34), Mikel Larrañaga (21:48), Ugaitz Mugertza (22:14), Juanjo Lopez Azpilikueta (23:45) eta Unai Otaño (24:34).

Euskal Herriko 6 txapel ditu etxarriarrak eta zazpigarrena lortzeko borrokan sartu da. Hori bai, Atutxa gainditzeko ederki lan egin beharko du Nazabalek.

Nafarroako 10. txapela jantzi nahi du
Baina Euskal Herrikoa baino lehenago, igandean, Etxarri Aranazko ferietan, Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatu beharko du aizkolari etxarriarrak. Nafarroako 9 txapel ditu etxarriarrak eta hamargarrena janzteko faborito nagusia da Floren.