Etxarri Aranatzen hirugarren berdinketa eta Lagun Artearen porrota

Guaixe 2015ko ira. 28a, 13:17
Etxarrik jokatutako hiru jardunaldietan berdindu egin du.

Preferente maila. 1. multzoa. 3. jardunaldia: Castillo de Tiebas 2 – Etxarri Aranatz 2 / Beti Casedano 4 – Lagun Artea 2

Asteburuan Etxarri Aranatzek Tiebasen jokatu zuen. Etxekoak baino hobe hasi zen Etxarri, baina gutxinaka-gutxinaka Tiebas partidan sartu zen eta gol aukerak sortzen hasi zen. Horrela, Mintxok 1 eta 0 aurreratu zuen Tiebas 35. minutuan.
Bigarren zatian Luisek Etxarrik berdintzea lortu zuen eta minutu eskasera bere bigarren gola sartu zuen Luisek, Etxarri 1 eta 2 aurreratuz. Tamalez, partida bukatzear zela eta 3 puntuak Sakanara etorriko zirela uste zenean, 92. minutuan berdinketaren gola sartu zuen Tiebasek.

Beti Casedanoren kontrako partida Iruñean jokatu zuen Lagun Arteak, Amigó-ren zelaian. Atsedenaldira Beti Casedano 1 eta 0 aurreratuta zegoela joan ziren jokalariak. Bigarren zatian Betik bigarren gola sartu zuen. Lagun Arteako Davilak sartutako golarekin airea hartu zuten lakuntzarrek, baina Betik bi gol sartu zituen segidan, lakuntzarren penarako. Hala ere Lagun Arteak ez zuen partida galdutzat eman eta Unanuak lakuntzarren bigarren gola sartu zuen. Bukaeran, 4 eta 2 galduta etorri ziren lakuntzarrak Iruñetik.

Bidezarra da preferenteko liderra, 7 punturekin. Etxarri Aranatz 9.a da sailkapenean, 3 punturekin, eta Lagun Artea 12.a, 3 punturekin. Asteburuan Etxarri Aranatzek Bidezarra liderra hartuko du eta Lagun Artea sailkapenean laugarrena den Burladesen kontra ariko da.