Feriak, azienda eta guzti

Guaixe 2015ko urr. 2a, 09:29
Ferien antolakuntzan parte hartu duten erakundeetako ordezkariak aurkezpenean.

Bihar arratsaldetik eta etzi ospatuko dira feriak, igandeko egitaraua indartuta.

Etxarri Aranazko Udalak feriei ikuspegi berria lantzen hasi zen joan den urtean. Horretarako, hiru ardatz hartu zituen kontuan: bertako ekoizpenaren salerosketa indartzea eta lehenengo sektoreari protagonismoa ematea; puntako kirol jarduerak eta hainbat baliabideren bidez Etxarrik basoarekin duen lotura ferian islatzea. Lehendik feriak zituen indarguneak potentziatu eta, aldi berean, feria bera sendotu eta osatu nahi zuen.

Joan den urteko bidean sakonduz, igande goizean ganadu feria berreskuratuko da. 2008az geroztik ez zen aziendarik plazara ateratzen. Begoña Goikoetxea, udaleko azoka zinegotziak, adierazi duenez, “Etxarri Aranatz ganadu herria izan da eta gaur egun ere familia askok mantentzen dute jarduera hau. Udalak eta abeltzainek harremanak eta elkarlana berreskuratzearen ondorioz aurten ganadu feriaz gozatzeko aukera izango da”. Goikoetxeak jakinarazi duenez, ikusgai izanen den ganadu guztia herrikoa izanen da, besteak beste: behorrak, behiak (pirenaika, blondak, txarolesak eta frisoiak), ahuntzak, astoak, txerriak eta ardiak (buru beltzak eta buru gorriak).

Feriarekin batera egiten zen ekoizle eta artisau azoka igande goizera aldatu zen joan den urtean eta hala segituko du. Goikoetxeak nabarmendu duenez, “salerosketaren funtzioa indartzea da. Bertako artisau eta ekoizleei euren lan eta produktuak ezagutarazi eta saltzeko aukera emateko plaza berri bat eskainiko zaie”.

Azokan izanen diren salmenta postuak aukeratzerakoan udalak izandako irizpideak izan dira: egindako lanaren kalitatea; etxarriarrek edo sakandarrek lehentasuna dute; artisau ziurtagiria edo autonomoetan altan egotea; lan, produktu, ezberdinak eta originalak lantzea azokaren aniztasuna bermatzeko; azokan bertan norbere lanaren erakustaldia egitea eta sortzailea eta ekoizlea postuan egotea.

Sakanako artzainen X. Gazta Txapelketa
Latxa ardia duten artzain sakandarrak aurkeztu daitezke lehiaketara. Bere artaldearen esnearekin egindako gaztak dira aurkez beharko dituztenak. Beti ere, osasun erregistroa duten artzainak lehia daitezke. Interesatuak euren gazta Etxarri Aranazko udaletxean 10:30ean aurkeztu beharko dute (30 euro emanen zaizkie gaztagatik). Txapelketa 13:30ean hasiko da. Epaimahaiak 100, 70 eta 40 euroko hiru sari banatuko ditu.

Basoaren balioa
Enneco, haritzaren memoria parkearen informazio mahaia izanen da ferian. Gure memoria historikoa islatuko duen interpretazio zentroaren proiektuari buruzko informazioa jasotzeko aukera izanen da han.


Egitaraua
Lastailak 3, larunbata
17:00etatik 18:00etara Talo tailerra, Saralegitarrekin.
17:30ean Bordetxe abere zirkoa.
18:00etatik 22:00etara Brun forjak-en erakustaldia.
19:00etan Pala txapelketaren finala.
20:00etan Auzatea, Karrikestu elkarteak emana.
20:00etan Salbea (elizak antolatuta).
20:30etik 22:00etara Dantzaldia Tximeleta taldearekin.
22:00etan Zezensuzkoa.
00:30etik 3:30era Dantzaldia Tximeleta taldearekin.

Lastailak 4, igandea
10:00etatik 15:00etara* Etxarriko azienda erakusketa.
            Ekoizle eta artisauen azoka.
11:00etan XXXX. Mendira joan etorria (udaberri elkartea).
11:15ean Auzatea, Larrañeta elkarteak emana.
13:00etan
13:30ean Sakanako artzainen X. gazta txapelketa.
17:00etatik 20:00etara Rokodromoa.
19:00etatik 22:00etara Dantzaldia Oharkabe taldearekin.
21:00etan Zezensuzkoa.
*Goizean zehar Sakanako trikitilariak.


28 artisau eta ekoizle
Zapatari                 Zapatak
Trimmer Iruñea      Arropa
Encueros Larrutan  Larrua
Erabili                   Moda eta osagarriak
Peio                      Harria
Batuta                  Altzariak
Eho-ziriak    
Txus                     Bitxigilea
Luisa                    Zeramika
Araiatik                 Ilerako orratzak
Zorri Azoka    
Sarabe                  Ardi gazta, txorizoak, kroketak
Maialen                 Ardi gazta
Erlandere              Eztia
Flujen                   Landare apaingarriak
Albi Gaztak           Ardi gazta
Joseba                 Eztia
Mendiko               Ardoa
Ana Sabando        Ukenduak
Lakabe                 Ogia eta galletak
Isabel                   Ardi gazta
Idoia                    Ardi gazta
Aberri                   Esnekiak
Maxi                     Pasta
Legarbe Karakolak  Karakolak eta barazkia
Igor                      Arrautza ekologikoak
Aezkoatik              Patata
Ainhoa                  Ogia eta pastak