Feria haizetsu eta jendetsua

Guaixe 2015ko urr. 5a, 17:20

Artisau azoka izan da azken urteetan Etxarriko ferietan salerosketatik izan duen bakarra. Ganaduzaleen arteko tratuak aspaldi desagertu ziren, horren ordez azienda lehiaketa zegoen. Baina udalaren eta ganaduzaleen artean ez ziren moldatzen eta azken zazpi urteetan ez da aziendarik izan ferietan. Atzora arte. Feriara hurbildu zen jendeak Etxarriko ganaduaren erakusketarekin batera, 28 artisauren postuak ikusteko aukera izan zuten. Guztia igandean, salmentak handitzeko. Eta nabaritu zen, aurrera atzera zebilen jendeak erosketak edo enkarguak egin baitzituen. Bezperan, forjarien erakustaldiak, auzateak eta bestek elkargunearen eta ospakizun izpirituari eutsi zion.
 
X. Sakanako Gazta Txapelketa
Igande eguerdian plazan jokatu zen txapelketa. Bederatzi artzain sakandarrek aurkeztu zituzten euren gaztak. Lehen saria (100 euro) Unanuko Balda Artolak irabazi zuen. Bigarrena (70 euro) Izurdiagako Ezkurrarendako izan zen eta podiuma Arbizuko Araña-Etaioren gaztak osatu zuen (40 euro). Idiazabal jatorri izendapeneko Joserra Agirianok gidatuta epaile lanean aritu ziren Karrikestu elkarteko Juan Jose Etxeberria, Etxe Azpiko Jesus Mari Artieda eta Nekane Artieda unanuarra.