Sakabanaketaren salaketa eta lan isilari aitortza

Guaixe 2015ko urr. 7a, 12:08

Euskal presoei ezartzen zaien sakabanaketa politika bukatzeko eskatuz larunbatean kontzentrazioa egin zen Etxarrin Etxerat elkarteak deituta. Jendearen artean zortzi furgoneta egon ziren. Haietan ibarreko preso bakoitzaren izena, dagoen espetxea eta hura dagoen distantzia ageri ziren. Horrela Mirentxin Gidariek egindako lan isila aitortu nahi izan zuen Etxeratek. Izan ere, gidari horiek, presoen senide eta lagunak espetxeetara eramaten dituzte, haiei nekea arintzeko edo istripu arriskua eta diru xahutzea txikitzeko. 15 urte daramate horretan gidari horiek. Mila bat dira, baina euskal presoak sakabanatuak dauden 76 espetxeetatik soilik 15era iristeko gaitasuna dute. Gidari izateko gonbitea luzatu zuten Etxerat-etik.

Etxerat-etik Etxarriko taldea indarberritzeko deia egin zuten: “Nafarroan preso eta iheslari gehien duen herria da. Sakanako preso eta iheslariak Frantzia eta Espainiako Estatuetan sakabanaturik daude, baina baita itsasoaren bestaldean ere. Horrek sekulako ahalegina eskatzen digu”. Preso eta iheslarien senideak batzen dituen elkartekoendako sakabanaketarekin bukatzeko “behar-beharrezkoa da gure muga ideologiko eta politikoetatik kanpo aliatuak bilatzea eta, are gehiago, muga horietatik barna ere denok norabide berean bultzatzea”.