Karasatorrerendako Nafarroako Txistorra Lehiaketa

Guaixe 2015ko urr. 7a, 16:49

Luis eta Fran Karasatorre Nagore dendan.

Nafarroako Harakinen Gremioak antolatutako X. Nafarroako Txistorra Lehiaketa Karasatorre autozerbitzuak irabazi du. Francis Karasatorre Nagorek jaso zuen txapela eta garaikurra antolatzaileen egoitzan. Lehiaketara 55 txistorra ekoizle aurkeztu ziren. Guztien artean etxarriarrarena nabarmendu zen. Hori erabakitzeko epaileek txistorra gordinean eta frijitua aztertu zuten. Karasatorretarrak duela hiru urte hasi ziren lehiaketa horretara aurkezten. 2013ko hartan 3. sailkatu ziren. Etxarriko txistor ekoizleak ez dira beste lehiaketetara aurkeztu, baina hemendik aurrera ez dute beste batzuetara aurkeztea baztertzen.  

Txistorra egilea Fracis da eta Luis anaiak saltzen du Alimentacion Karasatorre dendan. Hark esan digunez, sariaren eragina lehen egunetik nabaritu dute, eskaera deiak izan dituzte. Luisek denda eta jatetxeetatik izandako eskaerek bultzada izanen dutela uste du. Errezetaz galdetuta bizi guztikoa dela aipatu digu, amonarekin ikasitakoa dela. “Guztia naturala da, haragia, piperrautsa, baratxuria eta hestea. Dena kalitatezkoa. Eta guztia maitasun handiz egina”.

Txistorraz aparte, Karasatorretarrek txorizo gozoa eta mina, arkume tripekiak eta saltxitxak egiten dituzte. Azken bi produktu horiek arrakasta handia dute, bai hemen baita Etxarri bisitatzen dutenen artean. Produktu horietako batzuk Madril eta Bartzelonako jatetxe batzuetan dasta daitezke. Kanpoan gehiago banatzeko asmoa ez dute baztertu, beti ere, kalitateari uko egin gabe.