Akatsengatik, udalak ez du PPren mozioa aztertu

Guaixe 2015ko urr. 8a, 18:58

Udal berria osatu zenekoa.

EH Bildutik jakinarazi dutenez, “erredakzio akats larriak zituen mozioak, besteak beste ETAko biktimak kondenatzea proposatzen du”.

PPko zinegotzi Juan Antonio Extremerak udalbatzak onartzeko mozioa aurkeztu zuen atzoko plenoan. Festetako txupinazoan euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatuz banderolak erakutsi zirela eta halakorik udal eraikinetan ez errepikatzeko eskatzen zuen, batetik. Bestetik, ETAren hilketak eta ekintzak kondenatzea eskatzen zituen. Baita ETAk Jesus Ulaiar hil zuen Maiza kaleari izena aldatu eta Victimas de ETA izena ematea eskatu zuen.

Gehiengoa duen EH Bilduren bozekin mozioa eztabaidarako ez onartzea erabaki zen eta Extremerari hurrengo bilkuran “ongi idatzia” aurkeztea proposatu zitzaion. Alkatetzako taldeak adierazi duenez, atzera botatako idatziak “terrorismoaren apologiari aipamena egiten dio eta, besteak beste, ETAko biktimak kondenatzea proposatzen du”. Koalizioaren iritziz, “erabateko zehaztasun falta da kontzeptu eta forma akatsekin mozioa aurkeztea, batez ere ardura handia eskatzen duen biktimen moduko gai delikatu batean”.

Prentsa bidez mozioaren berri ematean Extremerak “biktimen oinazea modu interesatuan eta alderdikoian erabiltzea” lepora dio EH Bilduk, “dena beraren eta alderdiaren publizitatea egiteko”. Alkatetza duen taldeak gogorarazi du udala sortu zenetik PPko zinegotziek ez dutela batzar bakar batean ere parte hartu eta “udaleko gai bakar batean ere ez dutela interesa azaldu. Propagandan ari dira, ez zinegotzi lanean”. EH Bildutik “faltsukeri handiekin, PPk etengabe gai hau Etxarri Aranazko herria iraintzeko erabiltzea gaitzesgarritzat jo” dute.