Udalak etxarriarrak udaletxean aulkia hartzera gonbidatu ditu

Udalak bederatzi lan talde osatu ditu eta haietan parte hartzeko gonbitea luzatu du.

Etxarri Aranazko Udalak parte hartze ordenantza arautua du eta haren bidez arlokako erabakiak batzordeengan delegatuta ditu. Ordenantza hori eta parte hartze plana EtxarriaranHazten izenarekin eta irudi korporatiboarekin irudikatzen da. Legegintzaldi berriarekin batera, Etxarri Aranazko Udalak 9 batzorde eratzea erabaki du eta etxarriarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu.

Eneka Maiz Ulaiar alkateak esan duenez, “udal taldeak parte hartzea eraldaketarako tresna gisa ulertzen du. Herritarrak boteretzeko tresna da. Herritarren parte hartzeak aktiboa, kalitatezkoa, erabakitzailea, eraikitzailea eta eraldatzailea izan behar du eta horretarako udalak boterea konpartitu egin behar du”. Alkateak adierazi duenez, “Etxarriko Udala prest dago delegazio eta ordezkaritza kulturatik, norberaren ardura eta parte hartzea oinarri duen kulturara bidea egiten jarraitzeko”.

Udalak batzorde bakoitzaren aurkezpen bilerarekin egutegia osatu du eta helburuak izan daitezkeenak ere aipatu ditu. Aurreko ostegunean abiatu ziren aurkezpenak, eta hurrengo lau asteetako asteazken eta ostegunetan dute segida.

Egutegia*
Lastailak 8, osteguna
Parte hartzea eta komunikazio batzordea: hobetu ditzagun gure komunikazio tresnak.

Lastailak 14, asteazkena
Merkataritza eta Azokagintza batzordea: egin dezagun Etxarriko baliabideen gida.

Lastailak 15, osteguna
Kultura eta Kirola batzordea: zer erabilera emanen diegu herriko lokal publikoei?

Lastailak 21, asteazkena
Euskara batzordea: euskara lantaldeen balantzea: talde eragilea, arnasguneak…

Lastailak 22, osteguna
Gizarte lan batzordea: identifika ditzagun etxarriarren gabezia sozialak.

Lastailak 28, asteazkena,
Aukera berdintasun batzordea: egin dezagun indarkeria matxistaren kontrako protokoloa.

Lastailak 29, osteguna
Ingurumen batzordea: Txukundu ditzagun gure bazterrak.

Azaroak 4, asteazkena
Etxarri gogoan batzordea: non daude gerra zibilean eraildako etxarriarrak?

Azaroak 5, osteguna
Basogintza batzordea: arautu dezagun basoko pisten erabilera.

* Aurkezpen batzarrak 19:00etan izanen dira, udaletxean.