Enneco interpretazio zentroa ezagutzeko bisita gidatua

Guaixe 2015ko urr. 16a, 09:11

Larunbatean, 10:30ean, Etxarri Aranazko plazatik abiatuta.

Etxarri Aranazko Basopokalean pixkanaka, auzolanean, sortzen ari da Enneco, haritzaren memoria interpretazio parkea. Euskal estatuaren memoria historikoa berreskuratzeko helburua du parkeak. Sustatzaileen esanetan, “gure iragan historikoa eta politikoa, zein oraina, ezagutu nahi duen pertsona eta eragile orori zuzendutako proiektu bat da”.

Baina Etxarrin itxura hartzen ari dena “parke tematiko bat, museo etnografikoa, erakustoki bat, edota artxibategi historiko bat baino askoz gehiago izanen da. Elkargune bat izanen da, denon ahotsa entzun gai egonen dena. Jakintza eta esperimentazio ibilbide bat, ikaskuntza elkar eragilean eta aurkikuntzan oinarritua. Paregabeko inguru natural batean, ohiturak, arteak eta kulturak bat egiten”.

Proiektua zertan den ezagutu nahi dutenek Patxi Abasolo historialariaren eskutik ezagutzeko aukera izanen dute bihar. Akaberan auzatea izanen da. Nafarroa Bizirik fundazioak sustatu Enneco, eta Etxarri Aranazko Udalak lagundu du.