Etxarri atzera ere lider eta Lagun Artea seigarrena

Guaixe 2015ko urr. 26a, 14:31
Etxarrik berriro lidergoa lortu du.

Preferente maila. 7. jardunaldia: Burlades 0 – Etxarri Aranatz 3 / San Jorge 4 – Lagun Artea 1

Etxarri Aranatzek Burladesek baino hobe jakin izan zuen zituen aukerak baliatzen. Lehen zatian bi taldeak parez pare lehiatu ziren. Nahiz eta Burladesek gol aukera argiagoak izan, Etxarriko atezain Gorriz bikain aritu zen. Goikoetxeak Etxarrirendako aukera argia izan zuen, baina hutsik zuen atean ez zuen asmatu. Baina Urkiak Burladesen defentsa akatsa baliatu zuen Etxarri markagailuan aurreratzeko. Bigarren zatian, Burlades berdintzen saiatu zen, baina kontraeraso bikainak aprobetxatuz Etxarriko Xabatek bi gol sartu zituen. Irabazteaz gain, taldeko lidergoa eskuratu zuen Etxarrik.

Bestalde, Sanduzelain jokatutako partidatik punturik gabe itzuli ziren lakuntzarrak. Lagun Artea izan zen markagailuan aurreratu zena, San Jorgeko Jorgek bere atean sartutako golari esker. Lehen zatian bikain aritu ziren bi taldeak, joko polita eskainiz. Bigarren zatian Lagun Artea hasi zen dominatzen, baina San Jorgek egoerari buelta ematen jakin zuen eta bana berdintzea lortu zuen. Horrek indar gehiago eman zien Iruñakoei, eta nahiz eta Lagun Arteak gogor borrokatu, San Jorgeren gol festa heldu zen eta bukaeran 4 eta 1 galduta itzuli ziren lakuntzarrak Iruñeatik.

Sailkapen orokorrean Etxarri da erregional mailako lehen multzoko lider berria, 15 punturkein, Arrotxapearekin puntutara berdinduta. Lagun Artea seigarrena da, 10 punturekin. Asteburuan Etxarri Aranatzek sailkapenean 12.a den Berriozar hartuko du eta Lagun Arteak sailkapenean bigarrena eta Etxarriren arerio zuzena den Arrotxapea izanen du aurkari.