Gaztetxokoa, martxa ederrean

Guaixe 2015ko urr. 31a, 12:29
Gaztetxokoa gazteek beraiek margotu dute.

12 eta 16 urte bitarteko gazteendako gunea Maixuen etxe zaharreko beheko solairuan dago, ikastola zaharreko patiotik sartuta. Larunbatero eta igandero, 17:30etik 21:30era, dago zabalik.

Dagoeneko zabalik dago Gaztetxokoa Etxarri Aranatzen. Ateak zabaldu dituen asteburuetan 40 bat neska-mutiko elkartu dira han. Eurak izan dira erabiltzen duten gunea txukundu eta alaitzeaz arduratu direnak. Iker Uribe-Etxeberriak gidatutako graffitti tailerra izan dute horretarako laguntza. Hezitzaile gazte batek du egitasmoaren ardura, eta tarteka tailerrak eta ekimen adostuak eginen dira.Gazte etxarriarrei handik pasa eta izena emateko gonbitea luzatu diete.

Eneka Maiz Ulaiar alkateak azaldu digunez, “aspaldiko nahiari helduz, aurtengo irailean udalak, Mugaipe enpresa eta Oinarrizko Zerbitzu Sozialekin batera, Gaztetxokoa antolatu du herrian”. Maizek azaldu digunez, “esperientzia pilotua da, non autogestioa landu nahi da: lankidetza, auto-eraketa, batzargintza, kulturgintza, euskara, gaztetxoei loturiko gaiak…”

Pausuak
Ikasturte hasieran Etxarriko 12 eta 16 urte bitarteko 96 gazteek inkesta bana jaso zuten. Gaztetxokoaren beharra sumatzen zuten, halako egoitza balego zer egitea gustatuko litzaiekeen, parte hartzeko prest leudekeen, irekiera egun eta toki egokienak aipatzea eta bestelako proposamenak ematea eskatu zitzaien gazteei. 77 erantzun jaso ziren eta gaztetxoen artean Gaztetxoakoak babes zabala zuela ikusi zuen udalak.

Interesatuekin irailaren 25ean eta lastailaren 10ean batzarrak egin ziren. Bestalde, udalak lastailaren 8an gazteen gurasoak informazio bilera batera hots egin zituen. 30 bat izan ziren agertu zirenak. Aisialdiaz eta denbora libreaz gozatzeko espazioaren nondik norakoak azaldu zituen udalak. Bilerak gurasoen ekarpenak eta oniritzia jasotzeko ere balio izan zuen.