Izaskun Errazkin (Mank-eko Euskara Zerbitzua) eta Eneka Maiz (Etxarriko alkatea eta UEMAko zuzendaritzako kidea) Nafarroako Parlamentuaren Herritarrekiko eta Instituzioekiko Harremanetarako Batzordean izanen dira gaur eguerdian. Bi sakandarrek osasun zerbitzuak euskalduntzeko Sakanan egindako kanpainaren berri eman eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak osasungintza euskalduntzeko egindako eskaerak azalduko dituzte. Aldi berean, Etxarri Aranazko osasun etxeko zerbitzuak euskaraz izateko eskaerari Nafarroako Arartekoak emandako erantzuna azalduko dute. Agerraldia Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk eskatu dute.
Etxarri Aranazko osasun etxeko zerbitzu guztiak euskaraz izan zitezen eskatzeko 592 sinadura jaso zituzten udaberri akaberan. Eskaerak Osasun eta Hezkuntza Departamentuei, Nafarroako Arartekoari eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiari aurkeztu zizkieten.
Francisco Javier Eneriz Olaetxea arartekoak bere ebazpenean legeak herritarrei eskubide hori aitortzen diela adierazi zuen lastailean. Horregatik, Osasun eta Hezkuntza Departamentuei iradoki zien, batetik, herritarrek hala erabakitzen dutenean, osasun zerbitzuko. Eta, bestetik, Emakumeen Laguntza Zentroko langileekin harremanak euskaraz izateko eta orientazio psikopedagogiakoa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko neurri eraginkorrak hartu ditzatela lehenbailehen.