Artetxerendako Bertso Afari Txapelketa

Guaixe 2015ko aza. 16a, 17:39
Eneritz Artetxe, txapelarekin bertsotan.

Bertsozalez bete zen Etxarri Aranazko Karrikestu Elkartea ostiralean. Guztiak ere Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketaren seigarren edizioaren lekuko izan nahi zuten. Giro ederrean, bertsolari gazteen jardunarekin gozatu zuten. Sei bertsolarietatik bi emakumezkoak izan ziren finalerako sailkatu zirenak: Malen Amenabar larrabetzuarra eta Eneritz Artetxe azkoitiarra. Buruz burukoan azken horrek jantzi zuen txapela.

Txapelketaren hasieran seikote protagonistan tentsioa nabaritu izan zen. Artetxek hasieratik ziurtasuna transmititu zuen, eta batere hutsik egin gabe eta maiz bertso borobilak botaz, merezita irabazi zuen txapela. Parte-hartzaileen artean Saats Karasatorre zegoen. Urduri hasi zen bera ere, baina saioak aurrera egin hala hobera egin zuen.

Aurkezle lanetan Eneko Lazkoz aritu zen. Olentzero gurasoak direla zioen gai bat azkar jokatu eta berehala moldatu zuen, publiko artean bospasei urteko bi haur ikusi baitzituen. Txapelketa epaileak Nerea Bruño eta Josema Leitza izan ziren, Joseba Andoni Beltza idazkari zutela. Epaileek euren lana egiten zuten bitartean Edor Zubeldiak (akordeoia) eta Maider Ansa (ahotsa) kantaldia eskaini zuten.

Sailkapena
Eneritz Artetxe     264,5 puntu
Malen Amenabar  252 puntu
Xabier Igoa         152,5 puntu
Mikel Lasarte       145,5 puntu
Battitt Crouspeyre 142 puntu
Saats Karasatorre  140,5 puntu