Beltzarendako eta Resanorendako txapelik ez

Guaixe 2015ko aza. 17a, 11:45

Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finalean laugarrena eta bosgarrena sailkatu ziren sakandarrak

Doneztebek Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finala hartu zuen ostiral arratsaldean. Preziatutako txapela janzteko lehian 5 aizkolari aritu ziren, Goizeder Beltza etxarriarra eta Iban Resano dorrobarra artean. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Aitor Senosian izan zen txapela jantzi zuena. Olagueko aizkolariak merezimendu osoz irabazi zuen (17:59), Asier Pellejerori ia minutu bateko aldea aterata (18:57). Eneko Saralegi izan zen hirugarrena (19:01). Goizeder Beltza etxarriarra laugarrena sailkatu zen (19:37) eta Iban Resano dorrobarra bosgarrena (19:57). Senosiainek eta Pellejerok mailaz igotzea lortu dute, eta heldu den urtean Lehen Mailako Aizkora Txapelketan parte hartuko dute.