Ikaspilota arrakastatsua

Guaixe 2015ko aza. 24a, 09:08

Nafarroako Ikastolen Federazioak Etxarri Aranatzen antolatutako pilota jardunaldian parte hartu zuten neska-mutikoek kamiseta, diploma eta Joseba Ezkurdia pilotariaren bisita jaso zuten

Nafarroako ikastolek 50 urte bete dituztela ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan, larunbat goizean Ikaspilota Eguna hartu zuen Etxarri Aranazko pilotalekuak. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako makina bat neska-mutilek parte hartu zuten egunean. Etxarriko frontoian txoko ezberdinak prestatu ziren, bakoitzean pilota joko ezberdin batean aritzeko, eta ikasle guztiek, taldeetan banatuta, txoko batetik bestera pasatu ziren, guztietan arituz. Bukaeran, guztiek diploma eta kamiseta jaso zuten Ioseba Ezkurdia pilotariaren eskuetatik eta Arbizuko aurrelariak berak sinatutako pilota bat zozketatu zuen guztien artean. Pilota sustatuz eta pilotarekin disfrutatuz, egun bikaina pasa zuten guztiek.