Andra Mari Ikastola: zorionak eta mila esker!

Iñigo Orella Altzueta 2015ko aza. 27a, 08:00

Asteburu honetan Andra Mari Ikastolak bere eraikin berriaren inaugurazioa ospatuko du. Horren harira, nire bizipen pertsonal eta profesionaletik abiatuta, gure familia Ikastolen proiektuarekin maitemintzea eta identifikatzea azalduko duen hausnarketa hau partekatu nahi dut.

Zer da Ikastola? Ikastola, zalantzarik gabe, ez da euskaraz irakasten duen beste ikastetxe bat, askoz gehiago baizik: herri ekimenez eta auzolanez sortutako proiektua, gestio eredu demokratikoa eta gardena non familiek parte-hartze zuzena daukagun, teknologia berriak integraturik dituen kalitatezko proiektu pedagogiko aitzindaria, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen dituena, etengabeko formazioan eta ebaluazioan dagoen irakasle talde hurbila, egonkorra eta bertakoa, laikoa, hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzen duen guraso kooperatiba, erreferentziatzat Euskal Herria hartzen duena… hau guztia, eta batez ere gozotasunez berdintasunetik eta desberdintasunaren errespetutik gure seme-alabak gure hizkuntza eta gure kultura maitatzera gonbidatzen duen proiektua. Ikastolan dena ez da arrosa, arazoak eta desadostasunak ere badaude, baina baita hobetzeko borondatea eta proposamenak egiteko bideak ere.

Eraikin berriak eskaintza aberats hau espazio egokiagoetan garatzea ahalbidetuko du, baina eraikina baino askoz garrantzitsuagoa da Ikastolaren Hezkuntza Proiektua, hau da Andra Mari Ikastolaren altxorra. Irakaslea naizen heinean, funtsezkoa iruditzen zait azpimarratzea gure seme-alaben ongizate integrala helburu duen hezkuntza proiektua, ikas komunitate guztiarekin adostua, Euskal Herritik eta gure berezitasunetik abiatuta, gure umeei burua eta bihotza mundu zabal eta anitzera irekitzen dizkien proiektua, gaur eta bihar gure haurrei egokituko zaien errealitatean herritar konpetenteak izan daitezen ahalbidetzen duen proiektua. Ikastolek konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma berea egin, garatu eta irakasleak formatu ondoren, klaseratzen dute. Zoritxarrez Sakanan zentro bakarrak dira.

Bukatzeko, gure Ikastola osatzen dugun guraso, ikasle, langile eta laguntzaile guztiak zoriondu nahi ditut, baita 46 urte hauetan familia handi honen parte izan zareten milaka sakandar ere, eraikin berria lortzeko ametsa errealitate ederra bihurtu delako. Ezerezetik ahalegin handiz familia gutxi batzuek abiatutako herri egitasmo xume hura, gaur egungo eta etorkizuneko ikasle eta familien nahia aseko duen proiektu bikaina bilakatu da. Aldi berean, Andra Mari Ikastolako profesional eta langile taldeari bihotzez eskertu nahi diet gure seme-alabekin egiten duten lan zoragarria, ikasle bakoitzarekin adierazten duten kezka, jarraipen pertsonalizatua eta gertutasuna. Eta guraso batzordean eta lan taldeetan izugarrizko inplikazioa erakutsi duten partaideei ere, mila esker musu-truk eskainitako denbora eta ahaleginagatik. Ezin dut ahaztu orain dela sei urte Nafarroa Oinezen bitartez babesa eta ezinbesteko laguntza eman ziguten herritar eta babesle ugari. Honek guztiak nabarmentzen du Andra Mari Ikastola Sakanako 14 herritan ongi errotutako proiektua dela eta zabala, oso zabala. Familia guztiek daukate tokia gurean. Jarrai dezagun bada, gure hezkuntza garatzen, EUSKARAZ BIZITZEN eta Sakana ERAIKITZEN!!