Etxarri Aranatz Sakanako kulturaren herria

Erkuden Ruiz Barroso 2015ko aza. 26a, 11:05
Dantzarima dantza konpainiak Susraiak ikuskizuna eskainiko du larunbatean Etxarrin.

Dantza, antzerkia, clowna, musika, zinema... Diziplina artistiko ezberdinak baina ezaugarri komun bat dute: Sakanan egindakoak dira. Sakanako artistak Etxarrin bilduko dira Agertokiye Sakanako artearen agertokia zikloan. Bertako artistak ezagutaraztea eta aberastasun artistikoa azaleratzea da ekimen berri horren helburua.

Kultur arloan jarduten duten pertsonak Sakanan gero eta gehiago dira: antzerkia, musika, dantza, zinema... diziplina artistiko ezberdinetan aritzen dira sakandarrak. Etxarri Aranazko kultura sailak guztiak bildu nahi izan ditu Agertokiye artisten zikloan. Etxarri Aranazko kultur etxea sakandar artisten erakusleiho izanen da.

Irurtzun, Ihabar, Irañeta, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Altsasuko artistak izanen dira Etxarrin; guztira 33 sakandarrek parte hartuko dute hamaika emanalditan. Sakanan egiten den artea eta sakandarren eginkizuna erakutsi ez ezik etxarriarrak kultur jardueretan parte hartzea sustatu nahi du kultura sailak. Sakanako artisten lanak erakustea “pizgarria” izatea nahi dute.

Kultura sustatu
Zikloa asteartean hasi zen Futbolariak eta printzesak antzerki lanarekin Kultura saila Parekidetasun Batzordearekin elkarlanean antolatuta. Antzerki lan hori Lehen Hezkuntzako Etxarriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago. Hiru hilabetez Etxarri Sakanako kulturaren herria izanen da eta despeditzeko Etxarriko musikariak oholtzara igoko dira erakustaldiari akabera emateko.

Sarrerak kultura bulegoan edo Internet bidez (www.etxarriaranatz.eus) lortu daitezke. Gainera, haurrendako eta gazte eta helduendako bi abonu prestatu dituzte. Haurrek sei euroren truke eta gazte eta helduek hamabi eurogatik hiru ikuskizunetarako sarrerak izanen dituzte.

Egitaraua
Azaroak 24, asteartea. Lakuntza
10:00etan eta 11:30ean Futbolariak eta printzesak.

Andra Mari ikastola eta San Donato ikastetxeko lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta Futbolariak eta printzesak. Parekidetasunean hazi eta hezteko antzezlana.

Odei eta Lur besteengandik ezberdin sentitzen dira eta alde egin nahi dute. Ez dituzte neska ala mutil bati egozten zaizkien arauak bete nahi: inork esan gabe nola jokatu behar dute Lur eta Odei izan nahi dute. Adierazteko, bizitzeko eta sentitzeko libre izan nahi dute eta etiketa sexistarik gabe mundu aske batean bizi.

Testua eta zuzendaritza: Galder Perez
Aktoreak: Olatz Pagalday eta Jon Zubiaga “Osoron”.




Azaroak 28, larunbata. Altsasu
20:30ean Sustraiak dantza ikuskizuna. Dantzarima. Sarrera: 3 €

Dantza garaikidea oinarria duen ikuskizuna. Naturaren elementuetan oinarrituta: Haritzak, gure sustraiak irudikatzen dituena, eta bizitzeko beharrezkoak ditugun elementuak: ura, sua, lurra eta haizea. Argiez, itzalez, musikaz eta kolorez osatutako mundu magikoan laminek eta sorginek bizitza hartuko dute.

Zuzendaria: Irantzu Gonzalez Azpiroz.




Abenduak 12, larunbata. Irañeta
17:30ean Tren geltokia. Antzerki-zirko ikuskizuna. Sarrera: 3 €

Oso bereziak eta desberdinak diren hiru pertsonaia, tren geltoki magiko batean topatuko dira.

Aktoreak. Maribel Martinez, Luis Lainez eta Ainhoa Juaniz.




Abenduak 26, larunbata. Etxarri Aranatz eta Arbizu
20:30ean Punto y seguido. Iñaki Azumendiren kontzertua. Sarrera: 3 €

Iñaki Auzmendi hiru musikariekin batera berak konposatutako 15 abesti aurkeztuko ditu. Raices de piedra y esperanza lehenengo diskoan grabatutako batzuk, baita hurrengo diskoan agertuko diren beste batzuk ere.

Musikariak: Juanmi Arzelus (gitarra elektrikoa), Julia Morales (zeharkako txirula), Ana Turcan (biolina) eta Iñaki Auzmendi (gitarra eta ahotsa).




Ilbeltzak 2, larunbata. Lakuntza
19:00etan Ekoetikopatetikoa. Atea teatroa. Sarrera: 6 €

Biki eta Victor pisukideak dira. Victor etxebizitzaren jabea da eta Bikik ordaintzen dion errentarekin eguneroko gastuei ozta aurre egiten dio. Biki ikaslea da eta familiak bidaltzen dionarekin moldatzen da. Ezagutzen direnetik urte bat igaro denean kontratuaren berritzea eztabaidatu behar dute eta horretarako publikoak lagundu beharko die.

Aktoreak: Jabi Rodil eta Anabel Arraiza lakuntzarra.





Ilbeltzak 3, igandea. Etxarri-Aranatz
19:00etan Una noche. Zinema. Ondoren Maite Artiedarekin solasaldia. Sarrera: 2 €

Raul Miamira ihes egitearekin amesten du. Lapurretaz leporatzen dutenean, bere aukera bakarra ihes egitea da. Horretarako bere lagun Elio konbentzitzen du. Helmugara iristeko itsasoan zehar 90 milia egin behar dituzte. Elioren leialtasuna kolokan jartzen da Raul lagundu edo bere arreba bikia babestea erabaki behar duenean.

Zuzendaria: Lucy Mulloy
Ekoizlea: Maite Artieda etxarriarra.
Aktoreak: Dariel Arrechaga (Raul), Anailin de la Rua de la Torre (Lilia), Javier Nuñez Florian (Elio)





Ilbeltzak 16, larunbata. Arbizu
17:30ean Pluton: Hor konpon Marianton. Familiarteko antzerki ikuskizuna. Axolote Antzerki Trup. Sarrera: 3 €

Zer gertatuko litzateke gure ama lurra etengabe ustiatu ondoren ura agortuko balitz eta espazioan barna bere bila joan behar bagenu? Zer aurki genezake beste planeta batzuetan? Kerafin eta Katixa astronautei ura bilatzeko misioa egokitu zaie. Unibertsoan abiatutako bilaketa ez da erraza izango eta hamaika abentura pasa beharko dituzte.

Idazlea: Zoila Berastegi Mariñelarena arbizuarra. Iruñeko Udalaren Haurrendako antzerki testuen XXII. Lehiaketan saritua.
Aktoreak: Zoila Berastegi, Oier Zuñiga, Maria Zapata eta Juanan Oiartzun.




Ilbeltzak 23, larunbata. Ihabar
19:00etan Amico. Antzezlana. Bubamara Dance theater. Sarrera: 6 €.

Bi lagunen arteko adiskidetasun handiaren istorioa. Berraurkitzearen, ametsen, ajearen asmo amankomun baten betirako batuketa baten festa. Koreografia eta keinu antzerkiaren bitartez bi aktoreek euren laguntasuna ospatzen dute.

Aktoreak: Joan Barbarin eta Txori Garcia Uriz





Ilbeltzak 30, larunbata. Irurtzun eta Etxarri-Aranatz.
19:00etan Mikro-antzerkiak. Sarrera: 6 €

Nirea zurea da. Lorea Arangoa.

Umeak bizitzaren oparia dira... ala ez?

Aktorea: Lorea Arangoa.

Vladimir eta Nikavko. Xabier Artieda.

Vladimir eta Nikavkok dena prest daukate bere esperimentua bukatutzat emateko. Palanka bat aktibatzea bestetik ez zaie falta mundua beraien menpe egoteko. Bat-batean dena buruz behera jarriko da eta istripu baten ondorioz Vladimirek bizitza galduko du...

Aktoreak: Xabier Artieda




Otsailak 19, ostirala. Etxarri Aranatz
22:00etan Etxarriko musikarien kontzertua. Sarrera: 3 €
Etxarri Aranazko 12 musikariek parte hartuko dute kontzertu honetan.