Etxarrin IGO

Guaixe 2015ko abe. 1a, 10:00

Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO) kanpaina martxan da Etxarri Aranatzen. Hirugarren aldia da Etxarri Aranazko Victoriano Huizi udal liburutegiak ekimena antolatzen duena. Helburua bikoitza da. Batetik, euskaraz irakurriko duten irakurle gazte eta heldu berriak erakarri nahi ditu, eta bestetik, ohiko irakurle euskalduna saritu.

Kanpainan parte hartu nahi duenak liburutegiko euskarazko liburu bat maileguan hartu eta irakurri beharko du. Ondoren, hari buruzko iritzia fitxa batean eman beharko du, liburutegian. Trukean liburuzainak herriko liburu-dendan euskaraz argitaratutako literatura liburu bat erosteko deskontu txartel bat emanen dio. Gainera, kanpainako parte-hartzaileek Kaxeta liburu-dendan 30 euroko lau sariren zozketan parte hartuko dira. Azaroaren 15ean hasi zen kanpaina eta ilbeltzaren 31ra arte luzatuko da.

Deskontua
%25eko beherapena izango du deskontu txartelak. Baina euskara ikasten ari direnek eta Mintzakideko kideek %50a izanen dute. Etxarriko liburutegiko irakurle taldekoek, aldiz, %40koa izanen dute.