Zubieta eta Irribarria lanera

Guaixe 2015ko abe. 7a, 12:52

Irujo eta Rezusta izanen dituzte aurkari

Bihar ekingo diote Binakako Txapelketari Aitor Zubietak eta Iker Irribarriak. Irujo eta Rezusta izanen dituzte aurkari, 17:00etan, Eibarko Astelenan (ETB1, ntb). Lehen jardunaldiko azkeneko partida izango da.

Irujo eta Rezusta dira faboritoak, baina Zubieta txapeldunordea eta Irribarria sorpresa emateko gai dira. Lesio batez osatu berri den Zubieta beteranoak 19 urte dituen Irribarria izango du bikote. “Hilabete geldi egon naiz eta enpresak deitu zidan ea nola nengoen galdetzeko. Entrenamendu bat egin nuen, ondo irten zen eta animatu ninduten Binakakoan parte hartzera. Hala ere, beste entrenamendu bat egin dut, gaur Binakakoaren hasierara 100% heltzeko. Frontoira egokitzea eta eroso sentitzea nahi dut” adierazi du etxarriarrak. Etxarriarra kontentu dago Irribarriarekin. “Lagun berria, ona eta ilusioz betea egokitu zait txapelketarako. Irrik ikaragarrizko potentziala du, oso gaztea da, hasiberria, baina erakutsi du joko latza duela. Zorionerako edo zoritxarrerako edozeini egin diezaioke kalte eta ea ondo moldatzen naizen eta bikote ona egin dezakegun” gaineratu zuen. Pixkana joatea, hori dela asmoa azpimarratu zuen. “Ez dugu helbururik, pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu. Ez dugu elkar ezagutzen eta astelehenean jokatu genuen elkarrekin partida bakarra”. Zalantzarik gabe, jakinmina piztu du gaurko lehiak.