Musikaren historiaren errepaso azkarra 24 sokarekin

Guaixe 2015ko abe. 11a, 13:17

Ryma, gitarra laukotea larunbatean, 19:45ean Etxarri Aranazko Gure Ametsa jubilatu elkartean, doan.

 

RYMA gitarra laukotea Raquel Perezek, Yoana Canterok, Mikel Auzmendik eta Ander Percazek osatzen dute. Bakoitzaren izenaren lehen hizkiarekin osatu dute laukotearen izena. Irailean sortu zen taldea, Auzmendik azaldu digunez, “gitarra klasikoko laukoterako errepertorio originalak eta transkripzioak jotzeko asmoz”. Lau gitarren eta haien 24 soken laguntzaz, Etxarri Aranatzen hainbat estilotako musika joko dute bihar. Kontzertua musika historiaren eta estiloen errepaso motz eta azkar bat izanen dela iragarri digu gitarra-jole etxarriarrak.

Egitaraua
Emanaldia zabaltzeko, RYMAk Vivaldiren Sol Minorreko RV85 Sonataren transkripzioa 3 mugimendutan: Andante Molto, Larghetto eta Allegro joko du. Auzmendik azaldu digunez, “jatorriz, biolin, laute eta kontinuoarendako obra da. Barroko garaiko musika ederra”. Joko duten bigarren pieza Anjel Unzuren Señor Pascoal izanen da. “Hermeto Pascoal musikari brasildar handiari eskainitako omenaldia da obra. Brasildar espirituko Samba alai baten jokoa da eskaintzen digu”.

Kontzertuari segida Andrew York-en Bantú obrak emanen dio. “Afrikar lurraldeetara bidaiatzeko obra. Perkusioaren saltsan sartzeko bidea luzatzen digu”. Auzmendik azaldu digunez, “konpositoreak Niger-Kongoko subfamiliak irudikatu nahian konposatu zuen. Bantu hizkuntan hitz egiten duten jatorri afrikarreko 400 etnia baino gehiago daude. Obra honek afrikar danbor eta Dave Brubecken Take five ospetsuaren nahasketa azaltzen digu”. Emanaldia despeditzeko RYMA laukoteak York beraren Quiccam obra aukeratu du. “Izenburua antzinako sorginkeria batetik dator eta gomendagarria da aldi askotan ozenki ez esatea; dena den, entzuteak merezi du. Piezak hainbat fusioren fruitua da, entzun daitezke rocka (riff errepikapenak), musika modernoa (Jaco Pastorius) eta barrokoa (Vivaldiren itxurako giro melodikoa).