Etxarrin erosita, askoz hobeki

Guaixe 2015ko abe. 15a, 19:26
Kanpainako karteletako bat.

Etxarri Aranazko Udalak herriko dendekin eta ostalariekin batera, eguberrietarako kanpaina martxan jarri du. Haren helburua bertako kontsumoa sustatzea da. Eneka Maiz Ulaiar alkateak esan digunez, “gure herriko dendak eta ostatuak herriaren eta herritarren parte dira eta etxarriarren arteko harreman sozialak errazten dituzte”. Horrek, azken finean, “gure komunitatea indartzea dakar”.

Bestalde, kanpainarekin etxarriarrak gaztigatu nahi dituzte, herriko denda eta tabernek gure inguruari eta gure espazio publikoei bizitasuna ematen dietela. “Gure sozio-ekonomia indartzen dute” ere nabarmendu du alkateak. Herriko denda eta tabernak “gertukoak eta konfiantzazkoak” dira azpimarratu ondoren, alkateak herritarrak eguberrietan ere Etxarrin erostera, kontsumitzera eta gozatzera animatu ditu.