Zubieta eta Irribarria, punturik gabe

Guaixe 2015ko abe. 23a, 08:58

Punturik gabe daude Zubieta eta Irribarria.

Bengoetxea VI.ak eta Untoriak 22 eta 13 irabazi zieten

Oraindik punturik gabe dauden bi biko lehiatu ziren atzo Arrasateko pilotalekuan: Bengoetxea VI.a eta Untoria iazko txapeldunak eta Irribarria eta Zubieta. Jokoan zegoen puntu preziatua Bengoetxea VI.ak eta Untoriak lortu zuten, 22 eta 13 irabazi eta gero. Leitzarrak ez zuen akatsik egin eta errioxarra bikain aritu zen atzean.

Partida hasieran bi bikoak parez-pare aritu ziren, 8ra berdindu arte. Hortik aurrera zeharo aldatu zen partida, irabazleek 7 tanto segidan egin baitzituzten, 14 eta 8 aurreratuz. Irribarria saiatu zen buelta ematen, baina esperientzia handia duen arerio baten aurrean akats nahikotxo egin zituen. Bukaeran, 22 eta 13 galdu zuten Irribarriak eta Aitor Zubieta etxarriarrak, eta txapelketan punturik bildu gabe jarraitzen dute.

Sakandarrak elkarren kontra 4. jardunaldian
Asteburuan txapelketako 4. jardunaldia dago jokoan. Igandean, Tolosako Beotibarren, Ezkurdiak eta Barriolak Irribarria eta Zubieta izanen dituzte aurkari. Bi taldeak puntuen faltan daude, punturik ez baitute Irribarriak eta Zubietak eta bakarra Ezkurdiak eta Barriolak. Lehia oso estua espero da.

Sailkapena
3 puntu: Irujo-Rezusta eta Artola-Albisu
2 puntu: Olaizola II.a-Urrutikoetxea
Puntu 1: Altuna III.a-Merino II.a, Ezkurdia-Barriola, Berasaluze II.a-Beroiz eta Bengoetxea VI.a-Untoria
0 puntu: Irribarria-Zubieta

Binakako 4. jardunaldia
Altuna III.a-Merino II.a / Artola-Albisu (ostiralean, 17:00etan, Eibarren. ETB1, ntb)
Berasaluze II.a-Beroiz / Bengoetxea VI.a-Untoria (larunbatean, 20:30ean, Etxebarrin)
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Irujo-Rezusta (larunbatean, 18:00etan, Bilbon. ETB1, ntb)
Ezkurdia-Barriola / Irribarria-Zubieta (igandean, 17:00etan, Tolosan. ETB1, ntb)