Aitor Zubietak agur esan dio Binakakoari

Guaixe 2015ko abe. 24a, 09:06

Etxarriarrak hilabeteak beharko ditu frontoira itzultzeko.

Etxarriarrari ebakuntzak egingo dizkiote meniskoan eta orpazurdan

Aitor Zubieta pilotari etxarriarrak agur esan behar izan dio Binakako Pilota Txapelketari. Bi ebakuntza egin beharko dizkiote eta hilabeteak eman behar izango ditu kantxetatik kanpo. Batetik, ezkerreko hankako orpazurdan lesio kronikoa du eta, bestetik, eskuinekoaren kanpo aldeko meniskoko zati bateko haustura. Atzo egin zioten erresonantzia magnetikoa eta lesioak osatzeko kirofanotik pasa beharko duela esan zioten medikuek. Aspetik adierazi dutenez, “hilabeteak” beharko ditu etxarriarrak osatzeko.

Oraingoz, Miguel Merinok ordezkatuko du Aitor Zubieta. Errioxarrak txapelketan debutatu berri duen Iker Irribarria izango du taldekide. Hain zuzen ere, igandean Joseba Ezkurdia eta Abel Barriola izango dituzte aurkari Tolosan, Binakako laugarren jardunaldian.