Aizkoran trebatu nahi duzu?

Guaixe 2016ko urt. 19a, 12:46

Eman izena Sakanako Aizkora Eskolan otsailaren 18a baino lehen

Sarritan herri kiroletan aritzea nahiko genuke baina bertan aritzeko baliabideak eta materialak ez ditugu eskura. Gabezi horiei irtenbidea emateko Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanako Aizkora Eskola sortu zuen. Eskolak aukera polita ematen die aizkora gustuko dutenei eta aizkoran hasteko beharrezkoak diren baliabideak -aizkorak, entrenatzeko tokia, enborrak eta beste -ez dituztenei. Izan ere, aizkoran hastea zaila suertatzen zaie familian edo lagunartean aizkolariak ez dituztenei.

Eskolaren bitartez bi helburu nagusi bete nahi ditu Mank-ek; batetik, aizkora bera bultzatzea eta, bestetik, Sakanan aizkolari harrobi on bat osatzea. Urteak dira Sakanan aizkora eskola antolatzen dela eta asko dira bertatik atera eta egun txapelketetan aritzen diren sakandarrak.

2016ko Sakanako Aizkora Eskola martxoan hasiko da lanean. Ikasleak asteazkenetan –19:30etik 20:30era– eta larunbatetan –12:00etatik 13:00etara– murgilduko dira aizkoraren sekretuetan, Etxarri Aranatzen, Juanito Erdozia, Juanjo Erdozia eta Goizeder Beltza aizkolarien esanetara. Eskarmentu handia duten aizkolariak dira hiru etxarriarrak. 10 eta 25 urte bitartek neska-mutikoek eman dezakete izena, eta tokia egonez gero, adin horretatik gorakoek ere.

Izena emateko
Otsailaren 18a baino lehen, Mank-eko kirol zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com). Prezioa: 55 euro.