Nola adierazi ilbeltzaren 9an eta 10ean sentiarazi zeniguten emozio guztiak, emozio kontrajarriak. Alde batetik, gure senideen falta; baina, aldi berean, haiei transmititu ahal izateko jaso genuen maitasun guztia. Lehendabizi ilbeltzaren 9an Bilbon eta Baionan jaso genuen berotasun hori eta gero ilbeltzaren 10ean sakandarrok berotasun handi hori jasotzeko ohorea izan genuen Etxarrin. Ohorea eta plazera izan zen Etxarriko kultur etxe txikira horrelako jende handia bezain umila etorri izana bere elkartasuna adieraztera. Malkoak ateratzen zaizkigu kontzertu hartan pentsatzean, baina ez dira beste askotan bezalako tristuraz eta ezintasunez beteriko malkoak, ez, oraingoan hunkipenez beteriko malkoak izan ziren.
Indarberriturik, eta zuek bidelagun zaituztegula jakinik, prest gaude milaka kilometro eta milaka eskubide urraketa jasateko, gure senideak etxeratzeko egun hori iristeraino. Lortuko dugu! Eta ziur egon guk jaso dugun maitasun hau haiek ere jasoko dutela.
Hortaz, ba, bihotz-bihotzez mila esker, Ruper, Naroa, Tapia eta Leturia, Tximeleta, Su ta Gar, Vendetta, Oreka TX, Esne Beltza eta Anabeli. Mila esker kultur etxera hurbildu zineten guztiei, mila esker Etxarriko Udalari.
Eta, nola ez, mila esker Etxarriko Sare, sostengu taldeari eta inguruan lanean aritu zareten, barkatu, ari zareten guztiei. Lapitza, ordenagailua, kamera, linterna edo zartaginak lan-tresna hartuta izugarria izan da egin duzuen, barkatu berriz ere, egiten ari zareten guztia.
Ez genuke eskutitz hau bukatu nahi Ernaiko gazteak gogorazi gabe, abenduaren 29an izan zenuten ausardia izugarria izan baitzen.
Gure senide preso, iheslari eta hildakoak maite ditugun bezala, zuek ere maite eta behar zaituztegu. Elkar gaitezen denak preso eta iheslarien alde! Elkar gaitezen denak Herriaren alde!
Mila esker guztiei.