Agertokiyen, mikro antzerkien txanda

Guaixe 2016ko urt. 29a, 11:47

Larunbatean, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean Lorena Arangoaren eta Xabier Artiedaren antzezlanak ikusteko aukera izanen da.

 

Sakanako sortzaileei Etxarri Aranazko kultur etxean euren lanak erakusteko aukera eskaini die Agertokiye zikloak. Bihar bi antzezlan laburrekin gozatzeko aukera izanen da. Alde batetik, Irurtzundik heldu den clow-a, Lorena Arangoa. Nirea zurea da izenburuko obra taularatuko du. Haurrak bizitzaren opari dira… ala ez? Bat nahi? moduko galderekin aurkezten du lana Arangoak. Emanaldian amatasunari eta haurren zaintzari buruzko iritziak partekatzen dira. Clown irurtzundarrak bi esketxetan antolatu du ikuskizuna, eta tartean bideo bat emanen du.

Xabier Artieda eta Julio Cesar Terrazas aktoreek, berriz, Vladimir eta Nikavko “erritmo biziko eta erokeriaz betetako” antzezlana eskainiko dute, “hasi eta buka ikuslea harrapatzen duena”. Bi pertsonaiek euren esperimentua despeditzeko dena prest dute. Urte askotako lanaren ondoren palanka bat aktibatzea besterik ez zaie falta eta mundua barien menpe egonen da. Baina bat-batean dena buruz bera jarri eta, istripu baten ondorioz, Vladimirek bizitza galduko du.