Etxarriko ikastetxeetan Sakanako hizkeren araberako euskara batua landu dute 


Guaixe 2016ko ots. 13a, 10:40

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ibarreko hizkerak lantzeko saio bana antolatu du Etxarri Aranazko bi ikastetxeetan, irakasleei zuzenduta. Tailerrak Jose Luis Erdozia etxarriarrak (euskal filologian doktorea eta euskaltzain urgazlea) eman zituen, ilbeltzaren 27an San Donato eskolan eta otsailaren 4an Andra Mari ikastolan.

Tailerraren helburu nagusia Sakanako euskalkien eta batuaren erabilerari buruz hausnartzea zen. Irakasleei zenbait galdera egin zitzaizkien: euskara batu berbera erabili behar dugu Iruñean eta Etxarrin klaseak emateko? Hizkera berbera erabili behar da historia klasean, soinketan eta atsedenaldian? Hizkera berbera erabili behar da goi mailetan eta haur hezkuntzan? Galdera horiei erantzuteko zenbait baliabide eman zaizkie, nagusiki, Sakanako hizkeraren ezaugarri morfologikoak, sintaxi mailakoak eta lexikoak, euskara batuan onartuta daudenak.

Gaiak interesa sortu du bi ikastetxeetan. Horren adierazle bi ikastetxeetan taldea sortu zela. Denera ia 30 irakasle elkartu ziren. Ordu eta erdiko saioa motz egin zitzaien irakasleei eta etorkizunean gaia lantzen jarraitzeko gogoz gelditu ziren.