Udalak kontu-hartzaile lan poltsa osatuko du

Guaixe 2016ko ots. 16a, 14:26

Etxarri Aranazko Udalak kontu-hartzaile lanpostuan behin behinekotasunean aritzeko lan poltsa sortu behar du, beharren arabera, etorkizunean kontratazioak egiteko. Adinez nagusi izatearekin batera, lizentziatura eta C1 euskara maila eskatzen ditu, besteak beste, Etxarriko Udalak. Interesatuek izen ematea udaletxean egin dezakete, hilaren 26ko 14:00ak arte. Dagokion instantzia osatu, nortasun agiria eta merituak aurkeztu beharko dituzte. Euskara proba egin behar dutenek Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan dute hitzordua, hilaren 29an, 9:30ean. Azterketa teorikoa, berriz, martxoaren 1ean izanen da Etxarriko liburutegian. Deialdiari buruzko informazio guztia www.etxarriaranatz.eus-en dago.