Etxarriko musikariak, behetik gora

Guaixe 2016ko ots. 19a, 13:27

Gaur, 22:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean bertsioen kontzertua eskainiko dute.

 

Kultur etxeko atzeko aldean, behean, Elizkorta kalean elkartzen dira Etxarriko musika taldeak. Han dute entsegu lokala. Han sortzen dute; han jotzen dute musika. Gaur, ordea, eskaileretan gora egin eta kultur etxea hartuko dute. 11 musikari etxarriar izanen dira oholtza gainean: Lur Larraza, Endika Jara, Hanot Garde, Iñaki Irusta, Joxe Aldasoro, Juanpa Agirre, Luis Quintana, Ander Urkijo, Mikel Mundiñano, Maider Ansa eta Jokin Artieda.

Guztien artean bertsio-saioa prestatu dute. Eta, besteak beste, honako bakarlari eta taldeen doinuak entzuteko aukera izanen da: Sting, Itoiz, Michael Jackson, Alice in Thains, Lorelei, Incubus, Zaldibobo, Neil Young, Zarama, Bill Winters, Zea Mays, The Police, Survivor eta Stoner Train. Sakanako sortzaileei plaza eskaintzeko Agertokiye programa martxan jarri zuen Etxarri Aranazko Udalak, egitarau horren azken emanaldia da gaurkoa.