Beste txapela bat Aristorenarendako

Guaixe 2016ko ots. 22a, 12:15

Yanira Aristorenak eta Uxue Murillok Nafarroako Trinketeko Emakumezkoen Paleta Goma Txapelketa irabazi dute

Etxeko apalategian jartzeko beste txapela bat lortu du Yanira Aristorena palista etxarriarrak. Zehazki, Nafarroako Trinketeko Emakumezkoen Paleta Goma Txapelketa irabazi dute Yanira Aristorenak eta Uxue Murillok (Oberena), final ikusgarrian bere taldekide Izaskun Arrosagarairi eta Rebeka Kontini 30 eta 20 irabazi ondoren.

Partida hasieran Arrosagarai eta Kontin aurreratu ziren, baina sakea berreskuratu eta berehala hasi ziren aldea ateratzen Aristorena eta Murillo, 7 eta 3 eta 11 eta 6 aurreratuz. Hala ere, 12ra berdintzea lortu zuten Arrosagaraik eta Kontinek, baina atzera ere sakea berreskuratu ondoren tarte handia ateratzea lortu zuten Aristorenak eta Murillok, eta 20 eta 14 aurreratu ziren. Hortik aurrera partida ongi kudeatzen jakin zuten eta, azkenean, 30 eta 20 irabazita jantzi zuten txapela Aristorenak eta Murillok.