Udalak UEMAren Hizkuntz Eskubideen Dekalogoa bere egin du

Guaixe 2016ko ots. 27a, 10:40

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) 25 urte bete ditu. Urteurren berezi horri lotuta, “UEMA, 25 urte bidea zabaltzen” kanpaina martxan jarri du UEMAk, eta, tartean, Hizkuntz Eskubideen Oinarrizko Dekalogoa adostu eta gizarteratzea erabaki du. Aipatzekoa da Etxarri Aranazko Udalak bat egin duela dekalogo horrekin. Aurreko urtean bezala, Etxarri Aranazko alkate Eneka Maiz Ulaiar da UEMAko zuzendaritzako kide. Etxarrirekin batera UEMAn Arbizuko Udala dago.

Dekalogoa
1.Hitz egin euskaraz leku guztietan. Hitz egiten den hizkuntza da bizirik dagoen hizkuntza.
2.Erakutsi eta hitz egin euskara seme-alabei. Transmititzen diren hizkuntzak dira bizi ohi direnak.
3.Hitz egin euskaraz ahal duzun guztietan, eta eskaini euskaraz egiteko aukera etorri berriei eta ikasten ari direnei.
4.Errespeta eta balora itzazu hizkuntza guztiak, eta aldarrikatu eskubide bera euskararentzat.
5. Aitortu eta estimatu euskalki guztiak. Aniztasuna baita hizkuntzen aberastasuna.
6.Euskara egokian hitz egin ezazu. Eredua zara haurrentzat eta ikasten ari direnentzat.
7.Babes itzazu euskarazko hedabideak, eta kontsumitu euskaraz etiketatutako produktuak.
8.Gozatu euskarazko kultur produktuekin (literatura, zinema, antzerkia, musika…) eta ezagutarazi lagun artean.
9.Euskaraz aritu sare sozialetan ere. Horrela, euskaldun agertuko zara mundura.
10.Aldarrikatu zure hizkuntza eskubideak, eta euskarazko zerbitzua nahi duzula nabarmendu. Zure eskubidea da.