Etxarrin bilduko dira herri kirolariak

Guaixe 2016ko mar. 4a, 12:57

Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuak hartuko du Nafarroako Herri Kirol Jokoen 3. Jardunaldia, igandean, 11:00etan

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoen bigarren jardunaldia jokatu zen Ororbian. Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen ditu jokoak, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuarekin batera, hiru kategoriatan: kimuen mailan (11-12 urte), haurren mailan (13-14 urte) eta kadeteen mailan (15-16 urte). Kategoria guztiek herri kirol proba konbinatuetan parte hartzen dute, eta horretaz gain, haur eta kadete mailakoak sokatiran ere lehiatzen dira. 30 talde lehiatzen ari dira proba konbinatuetan eta 13 sokatira txapelketan, talde sakandarrak tartean. Zehazki, Iñigo Aritza ikastolatik sortutako taldeak –Iñigo Aritza, Aizkorri eta Urbasa– eta Andra Mari ikastolatik sortutakoak –Andra Mari, Ondatz, Beriain, Andia, Leziza eta Utzubar–.

Txapelketaren martxa
Iruritan eta Ororbian jokatutako jardunaldien ondoren, horrela daude gauzak. Kimuen mailako proba konbinatuan Berriozar B da lehena (13:50), Andra Mari bigarrena (13:57), Urbasa 8.a (14:32), Andia bederatzigarrena (14:33), Beriain hamargarrena (14:42), Aizkorri hamaikagarrena (14:43) eta Ondatz hamahirugarrena (15:13). Haurren mailako proba konbinatuan Basaburua da liderra (18:00), Andra Mari hirugarrena (19:15), Leziza laugarrena (21:17), Iñigo Aritza zazpigarrena (22:08) eta Utzubar zortzigarrena (23:41). Eta kadeteen mailako proba konbinatuan Andra Mari doa lehena (19:46), Iñigo Aritza laugarrena (22:56) eta Beriain seigarrena (23:51).

Sokatiran talde sakandarrak dira nagusi. Haurren mailako A multzoan Iñigo Aritza da lehena (6 puntu) eta Leziza bigarrena (3 puntu) eta B mailan Andra Mari da lehena (6 puntu) eta Utzubar hirugarrena (2 puntu). Kadeteen mailako sokatirako A multzoan Andra Mari dago buruan (6 puntu), Iñigo Aritzaren aurretik (3 puntu) eta Bu multzoan Basaburua da lehena (8 puntu) eta Beriain hirugarrena (3,5 puntu).

Igandean Etxarri Aranatzen
Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoen hirugarren jardunaldia jokatuko da Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan goizeko 11:00etatik aurrera.