Bardoak 2016

Bardoen finala Etxarrin

Guaixe 2016ko mar. 18a, 09:07

Larunbatean, 17:00etan, Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoian. Finalaren ondoren triki-poteoa egonen da Etxarri Aranatzen barna eta ekimena despeditzeko Bardoen afaria izanen da.

 

Bardoak, Nafarroako taldekako txapelketaren hirugarren edizioa, Etxarrin jokatuko den finalarekin, bihar bukatuko da. Bi hilabeteko lehiaren ondoren hiru talde izan dira finalera iritsi direnak: Obario Maldikoak (Saioa Alkaiza, Aimar Karrika eta Irati Majuelo; Iruña), Atekaberts (Ander Fuentes “Itturri”, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Migel Mari Elosegi “Luze”; Leitza) eta Larungo Antenak (Julen Zelaieta, Aitor Elexpuru, Patxi Castillo eta Jokin Pinatxo; Bera). Bardoetan parte hartu duten gainerako taldeetako kideek zein entzuleen botoek erabakiko dute zein talde den Bardoen hirugarren edizioko talde irabazlea.

Bardoen hirugarren edizioa ilbeltzaren 22an abiatu zen. 16 talde parte-hartzaileen artean Etxarri Aranazko Einnekin eta Altsasuko Bota lasai taldeak zeuden. Azken horiek estreinakoz parte hartu zuten lehiaketan. Lehen fasean saio bat irabazi zuten baina ez zuten bigarren fasera pasatzea lortu. Etxarriarrak bai, baina finalaren atean gelditu ziren. Herrian taldea izatean, bertso ekimeneko saio bat estreinakoz Altsasun egin zen.

Lana
Hiru taldeek hasierako agurra taldeka egin beharko dute, eta puntuagarria izanen da. Ondoren finaleko lana bost ataletan banatuko da. 1. atalean: zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso. 2. atalean: zortziko txikian hiru punturi erantzun, objektu bati bertso bana eta gaia emanda doinu eta neurri librean bertso bat osatu, publikoak oinak asmatuz (“potokumeak”). 3. atalean: koplak taldeka, bi kideren artean eta gaia emanda talde bakoitzeko taldekide banak bi bertso osatzea. 4. atalean hiru rol desberdinekin eta egoera emanda, hiruko ofizioa, bina bertso osatu arte. Finala akaberako banakako agurrarekin despeditu aurretik, taldekideen artean puntukako saioa egin beharko dute.

Sarrerak
www.bertsosarrerak.eus atarian edo Etxarri Aranazko Leku Ona eta Xapatero tabernetan.