Bardoak 2016

Bardo festa

Guaixe 2016ko mar. 21a, 15:33

Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoian 270 bertsozale elkartu ziren larunbatean. Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimeneko finalaz gozatu zuten guztiek.  Iruñeko Obario Maldikoak, Leitzako Atekaberts eta Berako Larungo Antenak taldeak izan ziren oholtza gainean, 10 bertsolari guztira. Hiru taldeak kantuan ez ezik aurkezle lanetan aritu behar izan zuten. Lau izan ziren langintza horretan aritu zirenak. Bertsolariak, batzuetan, bertsoak trikitixaz, panderoaz, txirulaz eta gitarraz lagunduta eman zituzten.

Txapelketa guztian zehar bezala publikoa zen epailea. Haren artean Bardoetan parte hartu duten beste taldeetako kideak ere bazeuden. Bardoetako hirugarren edizioko talde lan onenaren saria Leitzako Atekabertsendako izan zen. Hau da, Ander Fuentes “Itturri”, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Migel Mari Elosegi “Luze”. Bertsozale Elkarteko eta Etxarriko udalaren ordezkarien eskutik hiru taldeek jaso dituzte sariak. Larraungo, Iruñeko, Lizarrako, Pirinioetako eta Barañaingo taldeek sari bereziak jaso zituzten. Finalaren ondoren bertsozaleak Etxarrin barna triki-poteoan ibili ziren. Bardoen afariak ordu txikietaraino luzatu zuen ospakizuna.

Bardoen  hirugarren edizioan 16 taldek parte hartu dute, 71 bertsolari. Horien artean Etxarri Aranazko Einnekin eta Altsasuko Bota lasai taldeak izan dira. Aurrena bigarren fasera iritsi zen. Bigarrenak lehen fasean saio bat irabazi arren ezin izan zuen aurrera egin. Ilbeltzaren 22tik larunbatera arte Bardoen hirugarren edizioak 23 saio izan ditu. Haietako bi eta finala Etxarrin eta beste bat Altsasun. Taldeko bertso ekimena estreinakoz iritsi da Burundara.