Emakumeen Bira Etxarri Aranatzen

Guaixe 2016ko api. 8a, 08:42
2015ean Emakumeen Birako etapa bat Iturmendin bukatu zen.

Apirilaren 15ean, hurrengo ostiralean, 2. etapa Etxarri Aranaztik abiatuko da, 15:30ean

Emakume txirrindulari onenak biltzen dituen XXIX. Nazioarteko Emakumeen Bira asteazkenean hasiko da. Birak Etxarri Aranatz izango du 2. etapako abiapuntu, hurrengo ostiralean, apirilaren 15ean, 15:30ean. Etxarritik Altsasuko norabidea hartuko du emakumeen tropelak, eta Ziorditik Arabara sartuko da, Lautada eta Barrundiatik ibili ondoren Landatik Legutianora jotzeko. Handik Urkiolako gainera (3. maila) joko dute, bertako santutegian egongo baita helmuga.

Etxarri Aranazko Udaletik adierazi dutenez, “oso pozik” daude Emakumeen Birako etapa bat lehenengoz Etxarritik abiatuko delako. “Etxarrin, eta Sakanan, beti izan dugu txirrindularitzarekin harreman estua eta horrela jarraitu nahiko genuke. Baina horretaz gain, Emakumeen Birako etapa sustatzearekin txirrindularitzan eta kirol guztietan emakumeen presentzia aldarrikatu nahi dugu. Emakumea, kirola eta berdintasuna sustatu nahi ditugu. Emakumeak erreferente izatea nahi dugu, eta gizonen kirolak duen oihartzuna lortzea, bai maila mediatikoan eta baita maila ekonomikoan ere” nabarmendu du Udalak.

Leire Maiza eta Joana irastorza
Emakume kirolarien lana aitortzeko bide horretan, txirrindularitzan ibiltzen diren bi emakume etxarriarrek, Leire Maizak eta Joana Irastorzak, eginen dute Etxarriko etapari hasiera emango dion zinta mozketa, 15:30ean, Udalak gonbidatuta, Emakumeen Birako hasierara ikastolako eta eskolako neska-mutikoak gonbidatu ditu, halaber, Etxarri Aranazko Udalak.

Emakumeen Bira
Apirilak 13, asteazkena, aitzinetapa: Iurreta-Iurreta (3,3 km-ko erlojupekoa)
Apirilak 14, osteguna, 1. etapa:  Eskoriatza-Eskoriatza (76,6 km)
Apirilak 15, ostirala, 2. etapa:  Etxarri Aranatz – Urkiola (109,4 km).
Apirilak 16, larunbata, 3. etapa:  Berriatua – Berriatua (109,4 km).
Apirilak 17, igandea, 4. etapa: Santurtzi – Portugalete (63 km).